GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Espainia estatu poliziala bilakatzen ari omen da, aizue!


Harrigarria izan da espainiar eskuin mediatiko-politiko-ekonomikoak Guardia Zibilaren kontra esan duena, PPren ustelkeria sareen inguruko informe bat dela eta. Espainia estatu poliziala bilakatzen ari dela diote, aizue! Poliziak pertsonak eta eragileak ikertzen dituela, harrigarria! Frogarik gabeko akusazioak ugaltzen direla, hau iskanbila! Edonor pertsegiturik izan daitekeela… ez duzue sinetsiko, bere ideiengatik! Zirraragarria da, ez duzue ukatuko! Espainiako Erresuma «Maduroren diktadura»-ren antza hartzen ari da!

Delirioa? Egia esan, gure garaiko joera nagusietako bat da, autobiktimizazioa. Arreta desbideratzeko ohiko operazioa, zeinaren bidez sakoneko aferak maniobra ikusgarrien azpian ezkutatzen baitira. Egunero ikusten ditugu halakoak, baina esperpento handia da nork eta PPk halako estrategia aukeratzea, Guardia Zibila jomugan jarriz.

Idatzi nuen beste behin: ia sagar osoa jan dute harrek eta elkarren kontra joka ari dira, gelditzen denak ez baitu guziendako ematen. Harren gerla horretan ez dago gupidarik, eta ustelkeria salaketak sustatzea arerioak joko zelaitik kanporatzeko bide bizkorrena da. Polizia eta epaileen emankortasunaren adierazpen gisa aurkezten digutena, gehienetan, ustelen arteko labankadak besterik ez dira. Hori omen zen Cifuentesen alderdien eta Estatuaren instituzioetan gora egiteko hautua, bere kontra itzultzen ari dena. Izan ere, txanpon beraz ordaintzen dira halakoak.

Atzematen da batzuek eta besteek erabili dituztela estatu aparatuak lehia hauetan. Lerrotzen ari dira, Estatua bera zulatuta dagoelarik. Hau ere ez da berria. Diktaduraren estatu ustela ez zuten garbitu, harro zeuden trantsizioa legetik legera egin izanaz eta gauzak horrela ustelkeria nagusitzea ezin da ustekabea izan. Orain, sagarra jan nahian, Estatua zulatzen ari dira. Espainia estatu poliziala, hau ere entzun behar!