GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Basurde zauritua


Denok entzungo genuen zaurituta daudenean direla benetan arriskutsuak basurdeak. Ez dakit egia den. Litekeena da Turner enbaxadore britainiarra iritzi horretakoa ez izatea, Vienako Lainzer Tiergarten-en gertatu zitzaionaren ondoren. Nolanahi ere, uste dut inor gutxik ukatuko duela une honetan Etxe Zurian bizi den basurdea zaurituta dagoela. Horrexegatik da inoiz baino arriskutsuagoa.

Agintean lau hilabete baino ez daramatzanean, impeachment hitza bere agendako orrialde guztietan dago jada. Urtarrilean hipotesi arrazoitsua baina lausoa zena, epe motzerako aukera probablea da orain. Pence presidentearen nolakotasunak igartzen hasi dira jada batzuk; oraindik ez garela horraino iritsi, esaten dute besteek.

Trumpek zabalik dituen fronte guztietan ahulena Flynn jeneralarena da, dudarik gabe, une honetan. Hark bere lepoa salbatzeko behar duen akordioa lortuko balu FBIrekin edo dena delakoarekin, Trumpek ez luke luzaro iraungo, seguruenik. Eta errepublikanoetako batzuek dagoeneko abiarazita daukaten estrategia (ahalik azkarren egitea aldaketa Etxe Zurian; aurten bertan hobe) garaile irtengo litzateke; demokratei, ordea, mantsoago joatea komeni zaie, datorren urteko hauteskundeak gainean izan arte, gutxienez.

Baina Trump ez da Nixon, eta nekez emango du dimisioa. Ego handiegia dauka horretarako. Eta eskarmentu politiko gutxi; batere ez. Horrek, ezinbestean, luzatu egingo du ehiza.

Hor datza arriskua. Inguratuta eta jazarrita, basurdeak haginka egingo du. Haginkada horiek Twitterreko ateraldiak diren bitartean, hor konpon; etxean geratuko dira.

Baina izan daitezke oso bestelakoak. Munduan bazter gehiegi daude pospolo batekin sutu daitezkeenak, eta Estatu Batuetako presidenteak «pospolo» asko eta erraldoiak ditu eskura. Trump horretarako gai dela argi dago, nik uste, eta aholkulariei ere apenas egiten dien kasu handirik.

Ihes egiteko ere aurreraka egiten saiatuko dela apustu egingo nuke.