GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Islatu eta puskatu egin dezake ispiluak


Bestekin batera matxismoaren prebentziorako kanpainak jarriko dira martxan hainbat herritan, baita indarkeria kasuren bat gertatuz gero aplikatzeko protokoloak ere. Beasainen, etxez etxe banatu duten Loinatz jaietako liburuxkaren erdiko orrialdeetan jarri dute gaia, ireki orduko ikusteko moduan. Egun moreak antolatzen dira, kontzertuetan emakumezko musikarien partaidetza zaintzen da... Bestak egunerokotasunaren ispilu dira: ohiturak islatzeaz gain, mila puskatan hauts ditzakete.

Senarra meloi bat bezala hartzen zen garaitik –ona tokatzen ahal zitzaizun, edo ez, eta jada ez zegoen itzultzerik– majo aldatu dira gauzak. Baina badakigu aldaketa nahi baino ttikiagoa dela, barren-barrenean ditugun pentsaerak zalantzan jarri eta horietako aunitzi buelta eman behar diegulako eta hori ez delako batere erraza.

Kontraesanean bizi gara. Emakumeak haragi puskak balira bezala hartzen dituzten saioetara engantxatzen gara heziketa parekidea aldarrikatzen dugun bitartean. Erosketak egitera joan eta dendariak lirain gaudela erratea loretzat hartu eta etxeratzean ohartzen gara: «Zergatik eman behar du iritzia nire gorputzaz?». Eta psikologo aditu bat elkarrizketatzean, «feminismoaren lorpenetako bat da zu orain ni elkarrizketatzen aritzea eta ez mutil-laguna bilatzen» aditu behar dugu oraindik. Eta ondotik gaizki sentitu momentuan pikutara bidali ez eta, gainera, artikulua normal-normal idazteagatik.

Gu ere ispilu gara, batzuetan islatuz, bertzetan puskatuz, eta ez dugu zertan errudun sentitu.