GARA Euskal Herriko egunkaria
G

ZIZURKIL-ASTEASUKO TALDEAK, MINGAINAK ZORROZTU ETA TXAPELA ETXERATU

ASTEASU-ZIZURKILGO KARIDABEKO BENTA ETA AMASA-VILLABONAKO AM...ONA! IRITSI ZIREN HERRIARTEKOAREN AZKEN OHOLTZARA, AZPEITIKO IZARRAITZERA. ETXEAN BEZALA ARITU ZIREN, EZAGUNEN TXALOEN ETA ZIZTADEN ARTEAN. AZKENEAN, TXAPELAK ASTEASU-ZIZURKILA, MUJIKA, OTAEGI ETA MENDIZABALEN BURUETAN.


38 talde, 280 parte hartzaile eta 54 saio. Gipuzkoako Herriartekoak helburu zuen bertso giroa han eta hemen piztea, lehia eta jolasa akuilatuz. Atzo bukatu zen txapelketa Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, baina bideak segituko du, bertsozale eta bertsolari jolastien emanarekin. Atzoko finalera horietako 700 inguru batu ziren. Oholtza gainean, Karidadeko Benta (Asteasu-Zizurkil) eta Am...ona! (Amasa-Villabona). Bata bestearen ondo-ondokoak. Hartara, Izarraitzeko plazan igarri zen elkarren ondoko herrien artean izaten den lehia zirikatzaile hori.

Karidadeko Bentarekin hiru bertsolari aritu ziren: Haritz Mujika, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi. Am...ona!-rekin, berriz, Oihana Iguaran, Beñat Iguaran eta Ander Goikoetxea.

Hasierako agurra puntuagarria izan zen. Etxetik prestatua zekarren talde bakoitzak eta gehienez bost minutukoa behar zuen. Giro ederrean hasi zen saioa agurren tartearekin, umore zorrotzez ziztatu baitzuten taldeek elkarren artean. «Otaño ta Pello Errotak eskultura juxtua/ onduan egingo dute gu hiruron bustua/ eta zuei arbustua», bota zuen erronka Karidadeko Bentak. Bihar, astelehenarekin, hasi beharko dute bustoa non eta nola jarri pentsatzen, txapelak dagoeneko Asteasu-Zizurkilen daude-eta. Mingainak zorroztuta igo ziren Mujika, Mendizabal eta Otaegi. Azken horrek, gainera, asteburu oso berezia du, atzo bertsotan finala jokatu baitzuen eta gaur, Amurrion, Urrezko Aizkorako finalerdia jokatuko baitu. Atzo mingaina bezain zorrotz eta zehatz gobernatzen badu gaur aizkora, ez da gaizki ibiliko.

Haurdun geratu nahi eta ezinean dabilen bikotearen paperean aritu ziren. Medikuntzaren laguntzaz ezin eta Oihanak beste aukera batzuk ibili nahi ditu. Haritzek, berriz, ez. Oihanaren lehena, «zer da gure harremana/ eztatorren horren zama/ jaio nahi ez dun umetxo baten bueltan degu dana/ nahiz ez sortu nigan barna/ berdin izango naiz ama/ ta zu beretzat aita izatea da nik nahi dudana». Eta Haritzen erantzuna: «Kirofano eta gela/ hau ibilera krudela/ aita moduan ni hartu nauzu lagun dena dela/ proposamen bat ergela/ uste det zurea dela/ gero maiteko ez baldin badet nere bezela». Bai Oihana Iguaran bai Haritz Mujika primeran aritu ziren saio guztian.

Joseba Otaegik ere asmatu zuen saioari punta ateratzen. Eroso-eroso jardun zuen. Ezkondu aurreko agur batera bertsolari bat bidali behar zutela eta, Am..ona! taldekoak Karidadeko Bentako zein bidali pentsatzen ari ziren. Oihana Iguaranek bota zuen proposamena; «...eta Josebak gorputz batean ditu ez dakit zenbat arte/ aizkoran hasi eta bertsotan ere jarraitu dezake...». Eta, Josebak, erantzun: «Ez da errexa bitan asmatzen bertsotan eta kortian/ baina holako aukera asko noski ez dira urtian/ gustura asko jungo naiz bai ta oso prezio merkian/ garai bateko morroien gixan jan ta edanan trukian». Ander Goikoetxea eta biak geroxeago segidillak josten jardun zuten oholtzatik jaitsita eta ariketa horretan ere suelto ibili zen.

Azkenean, esanda bezala, txapela Asteasu-Zizurkil aldera. Beñat Iguaranek kantatu bezala, «...nahiz puxka batian aguantatu behar grazirik ez duten bromak/ Karidadeko Benta osatzen dun seikoari zorionak». Seguru elkarren bueltan ospatu zutela irabazleek eta bigarrenek.

Honi buruzko guztia: G