2017 MAI. 29 39. HEZKUNTZA SISTEMA PROPIO BATEN ESKEA, JAI MOREAGO ETA JASANGARRIAGO BATEAN MUNGIAK PARAJE EDERRAK EMAN ZIZKION ATZOKOAN BEREZ ERAKARGARRIA DEN IBILALDIAREN JAIARI. ERASO SEXISTAK PREBENITU ETA KONTZIENTZIAZIOA BULTZATZEKO JAI MOREAGO ETA JASANGARRIAGOA ERE IZAN ZEN, ETA BESTE MEZU BATEN BOZGORAILUA: HEZKUNTZA SISTEMA PROPIOA ERAIKITZEAREN ALDEKO ESKAERA. Azken eguneraketa: 2017 MAI. 29 - 07:30h Nerea GOTI Hemeretzi urte geroago itzuli zen atzo Ibilaldia Mungiara, berriro ere bertako Larramendi ikastolaren eskutik, eta oso une berezian, ikastetxeak 50. urteurrena ospatzen baitu aurten. Hastapen garai haietako ikasleak izan ziren jaiari hasiera eman ziotenak ibilbidea zinta mozketarekin inauguratuz, antolatzaileek eurek adierazi bezala, katea ez dela eten frogatuz. Bizkaiko ikastolen jaiak bi lagun nagusi izan zituen atzo: eguraldia (aurreko egunetako beroarekin konparatuta haizetxoa eskertzen zen goizean eta egunak freskura irabazi zuen orduek aurrera egin ahala) eta parajea, 5,7 kilometroko ibilbidea bidegorritik eta inguru ederrean. Horrek beste erakargarritasun puntu bat eman zion jaiari, ibiltzeko zaletasuna duten lagun askoren gozamenerako. Bada, eguraldia eta ibilbidea lagun, Ibilaldiak bazekien milaka euskaltzalerekin kontatu ahal zuela. Horiek ez dute huts egiten, eta goizean goizetik hasi ziren jai eremuetara hurbiltzen. Gozamenerako tarte ugari eta ezberdinak eskaini zituen egitarauak. Lau gune ezberdin, eta, batean zein bestean, euskal dantzak, erromeria doinuak, bertsolariak, pailazoak, puzgarriak, tailerrak, jolasak, auto elektrikoak... Kontzertuak ere ez ziren falta izan, Ibilaldiaren kanta egin duen Mungia bertako Itziarren Semeak taldearena barne. Musika doinuen artean, 39. Ibilaldiak mezu argia utzi zuen airean: euskal hezkuntza sistema propio baten eta hori gorpuztuko duen Hezkuntza Lege baten beharra. Deia Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentearen hitzekin heldu zen. Argudio sendoak mahai gainean jarriz, gogoratu zuen «ikastolen eredua aldarrikatzen dugun gisan», ikastolak betidanik ari direla «euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen, egungo sistema zaharkituta dagoelako, ezin dielako erantzun gaur egun euskal jendarteak planteatzen dizkion erronkei». Tellituk nabarmendu zuenez, «Euskal Herri mailako proiektu bat behar den honetan, ez da txikira jokatzeko garaia». Horregatik, «lege berria izatera eramango gaituen akordioaren bilaketari» ekiteko eskatu zion Urkulluren Gobernuari, eta, hezkuntzako eragileei, alderdien arteko «balizko akordioaren» zain ez egoteko. «Ikuspegi nazionala izango duen akordio bat lortu behar dugu eragile denon artean, urteetarako balio behar duena, edukiz betea», adierazi zuen. Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua izan zuen entzule Tellituk, beste ordezkari politiko ugariren artean. Uriartek berak ere hartu zuen hitza atzokoan Mungian, eta, nabarmendu zuenez, gidatzen duen sailak «hezkuntza eredua eraldatzearen beharra» aldarrikatu du beti, «lehen eta orain». Ebaluazioaren helburu bakarra «seme-alaben ongizatea» dela defendatu zuen, eta «horrela ulertu behar» dutela inplikatutako guztiek. Beste mezu bat ere utzi zien bere gestioa kritikatu dutenei, denek ez baitute antza «modu eraikitzailean» egin. Hezkuntza ezin dela «tresna politikotzat» hartu esan zuen. Hezkuntza legea garatzearen aldekoa dela esan eta honakoa gaineratu zuen Uriartek: «Jaurlaritzak adostasunaren alde aspalditik egiten duen deiari erantzuna ematen diotenak ongi etorriak izango dira beti». itziar Nogeras «Guztion artean estrategia sendo bat adostu nahi dugu» Nerea GOTI | Mende erdi bateko existentzia betetzen du aurten Larramendi ikastolak, eta antolatzen duen bigarren Ibilaldia izan zen atzokoa, 1998koaren ostean. Orduan bezalaxe, guztion gozamenerako jai bat antolatzeko asmoz urte osoan lan itzela egin ondoren, Mungia euskaraz aritzeko paradisu bilakatuta ikustea gurako luke Itziar Nogeras ikastolako gerenteak, baita horrek isla izatea bai herrian bai zentroa osatzen duen komunitatean. Izan ere, Bizkaiko ikastolen jaiaren irabaziak komunitate osoa buru-belarri lantzen ari den prozesu estrategikoan sakontzera bideratu nahi dituzte, batez ere espazioak egokitzeko eta profesionalen prestakuntzan sakontzeko. Zer ematen dio Mungiari Larramendi ikastolak eta zer jasotzen du Mungiarengandik dagoeneko 50 urte bete dituen hezkuntza proiektuak? Ikastola hau komunitate handi bat da, Mungialde osokoa. Orduan, ikastolak, hizkuntzaren alorrean, euskal hiztun talde handi bat ematen dio inguruari. Hezkuntza euskaldunaren alorrean komunitate handia bat izatea dugu helburu, bizia, parte hartzailea, euskalduna, eta, gainera, nolabait eraldaketarekin eta berrikuntzarekin konprometitutakoa. Mungiatik zer jasotzen dugun? Bada, gizatalde aparta. Estu-estu gabiltza lanean herriko elkarteekin, kultura eragileekin... Eraldaketa prozesu estrategikoa burutzen ari zarete. Zertan datza eta zeintzuk dira jarritako helburuak? Eraldaketa prozesuaren ezaugarri nagusiak ez daude bakarrik zer egin nahi dugun horretan, baizik eta nola egin nahi dugun. Elkarrekin ari gara lantzen prozesua, eta oraingoz diagnostikora iritsi gara guztiok elkarrekin: gurasoak, familiak, langileak, irakasleak, ikasleak... Gure burua zelan ikusten dugun aztertu nahi dugu, aurrera begira zer ikastola mota izan nahi dugun erabakitzeko, nolako ikastola nahi dugun adosteko. Noski, bihotza hezkuntza proiektua da beti. Zazpi proiektu izango ditugu martxan laster, eta horretan ere taldeak anitzak izango dira. Hezkuntzarentzako erronkaz betetako garaiotan, estrategia sendo bat eskaintzea nahi dugu, baina betiere guztion artean garatutakoa. Parekidetasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egin duzue Ibilaldian. Ikastolaren egunerokoan ere horrela al da? Bete-betean egiten dugu bat printzipio horiekin. Zero tolerantzia dugu horrelako auzietan, eta konpromiso sendoa erakusten dugu urte osoko egitarauan ere parekidetasunaren eta jasangarritasunaren alde. Zer gustatuko litzaizuke ikustea 39. Ibilaldiaren kroniketan? Ibilaldian zehar euskaraz aritzeko paradisu bilakatuta ikusi nahiko nuke Mungia. Horrela izan dela jasotzea nahiko nuke. Santurtzira egingo du salto Ibilaldiak 2018an. Mungiako Larramendik bertako Bihotz Gazte ikastolari eman dio lekukoa