GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Norekin egin nahi den dantzan


Nire herrian bazen «dantzaleku» bat. Young Play. Behin bakarrik izan nintzen han, bertan egin den bertso saio bakarretakoan (ez ote zen bakarra izango...). Bitxia izan zen sartzean entzun ziren irriak: kobazulo miragarriren batean sartzen ari ziren sentipena izan zuten batzuek, higuin aurpegia agertu zuten beste batzuek, eta nik uste denek izan genuela hara berriro sartuko ez ginen ziurtasuna.

Orain, autobusean haren paretik pasatzen naiz egunero. Aspaldi itxi zuten. Baita eraitsi ere. Multinazional aleman ezagun batek erosi zuen eta supermerkatua eraikitzen ari dira orain haren lekuan. Azkar doaz obrak. «Hor ikusten da non dagoen dirua», komentatu dit aldameneko eserlekuko andreak. Hernaniarra da. Bere auzoan, oinez bost minutura lau supermerkatu handi ditu eskura; kotxea hartuta hamar minutura, bi merkataritza-gune erraldoi. Dena bertan, dena eskura, dena eroso.

Eta, bitartean, egunotan beltzez jantzi zaizkigu herriko denden erakusleihoak. Etorkizun –askorentzat orainaldi– beltzaren iragarle. Herritarroi denda txikietan –herritarrek herritarrentzat sortutako dendetan– erosteko eskatzen digute, itota daudela, asko pertsiana betiko jaistea pentsatzen ari direla. Gure beharra dutela. Gure beharra, norbaitek lizentziak ematen dizkietelako multinazional batzuei, kapitala dagoen lekuan ongizate-gizartearen oinarriak ahaztu egiten direlako, gu ere bagabiltzan sistema honek norekin dantzatu nahi duen aspaldi hautatu zuelako. Guk ere, bide batez, norekin dantzatu nahi dugun aukeratu dezakegun bezala.