2017 EKA. 07 ANTZERKIA Berben zurrunbiloan Jaime VALVERDE Zurrunbiloa izenarekin, Gasteizko Baratza aretoak lau eguneko jaialdia antolatu du euskal arte eszenikoak ardatz hartuta. Aukeratutako emanaldiak ikusita, nabarmentzen da, batetik, diziplina artekotasuna, eta bestetik, proposamen artistiko ausarten aldeko apustua. Espazio txiki, atsegin eta erakargarria dugu Baratza aretoa, izaera “burujabe” bati esker bide ibiliegiez aldentzen diren sorkuntzak sustatu nahi dituena. Egungo panorama eszeniko euskaldunean, non areto publikoko programatzaileek ez duten batere arriskatzen, Baratza bezalako ekimenak hil ala bizikoak suertatzen dira ia. Arriskua hartzea eta bide berrietatik ibiltzea ezinbestekoa da edozein sistema artistikotan. Eta ikusleen zenbakiak koadratzea beste helbururik ez duten ohiko antzokiek endogamia estetikora garamatzate; antzutasunera alegia. Borobil zoroa da: antzokietan ohiko formatuak baino ez dira programatzen, publiko handiak hori bakarrik ikusi eta horretara ohitu, eta antzoki horietara heldu nahi duten sorkuntzak ezin dira asko urrundu publiko handiaren ohituretatik. Eskerrak beraz, Baratzako Zurrunbiloaren moduko tarteak irekitzen diren, bestelako sorkuntzak ere ikusleengana ailegatu ahal izateko. Horietako bat dugu, hain zuzen, “Mr. Señora” errezitaldi performatiboa, Oier Guillanen titulu bereko liburuaren bertsio eszenikoa dena. Bertan, jada aski finkatua duen estiloarekin, Guillanek norberaren konplexuez eta mugez askatzearen aldeko “anti-manifestua” eskaintzen digu, edo beraren hitzetan: «desarmairugabetze» proposamen bat. Guillanen hizkuntza poetiko-teatrala era ludiko batez barneratzen da hitzen dimentsio semantiko zein fonetikoan, hizkuntzaren tolesturetan sentimenduak adierazteko formula iradokitzaileak kausituz. Metrokoadrokak errezitaldi performatiboetan duen eskarmentuari esker, zinez atsegin eta koloretsua suertatzen da ikuskizuna. Nabaria da laukoteak gozatzen duela taula gainean, eta modu berean gozarazten du ikuslea, konplizitatea suabe-suabe lortuta tonu samur eta inspiratzaile batean.