GARA Euskal Herriko egunkaria

Kantutegitik kendu


Duela aste pare bat Onintza Enbeitak Euskadi Irratian zerrendatu zituen euskal kantutegitik kenduko zituen kantuak. Zerrenda ikusita, berarekin bat natorrela uste dut, nahiz eta 10eko zerrenda labur antzekoa gertatu. Kontua ez da, dena dela, kantuak inondik kentzea, lehenik eta behin, ezinezkoa delako. Behin horrelako batek lekua hartzen duenean «inkontziente kolektibo» deritzon horretan, akabo, ez dago ateratzerik, gozo geratzen da han, belaunaldiek kantatuko dute, gurasoek seme-alabei erakutsiko diete, ikastolan landuko du intentzio oneko irakasleren batek. Ederki transmitituko da, urteetan, akaso mendeetan.

Bestalde, kantutegiek ezin dute norbanakoaren gustukoak izan, ezta industriaren gustukoak ere, are gutxiago boterearen gustukoak. Kantutegiak, benetakoak, funtzionatzen dutenak, paperetik kale-kantari taldeetara jauzi egiten dutenak, afarietan kantatzen direnak dira. Hori, beste gauza bat da. Nahiz eta gorrotagarria gertatu askotan, adibidez “Txantxibiri” kantatzen dugunean Errioxako upategira goazen bakoitzean. Herri kantutegiak horrelakoak dira, oso demokratikoak (masa komunikabideen esku hartze masiboa alde batera utzita, behintzat).

Gure aurrekoek egin zutenaren ondorio musikalak jasan baino ezin dugu egin, eta gureak trasladatu ondorengoei, nahiz eta jakin ezazu zer esango duten “Patata tortilla” lelotzat hartu duen belaunaldi batez. Haiek jaso eta jasan egin beharko dute, kantutegia bizirik badago bederen. Eta uste dut hortxe dagoela koska. Zenbat berritu da kalez kale kantari biltzen direnen kantutegia azken hamar urteotan? Ez al dago dinosauro zaharrei (kantuez ari naiz) lekua kenduko dion kimu gazterik? Zer demonio egin behar da kantutegi moldakor, eta beraz, osasuntsu bat edukitzeko? Lehenik eta behin, kantatu. Ez ahaztu hori.