2017 EKA. 09 IKUSMIRA Argudio erantzunezinak Xabier Izaga Kazetaria Euskal gizarteak pausoa bizkortzeko ez baina lasaitasuna («relax») eskatzen duen honetan, txirene samar dabil Andoni Ortuzar. Ateraldi xelebreak oparitu dizkigu aspaldion; hori bai, zorroztasun erakustaldia eginda. PPrekin egindako akordioa oso ona dela esan zuen herenegun Sabino Arana Fundazioan egin zuen hitzaldian. Ez da iritzi hutsa, ordea, ohi duen bezala esandakoaren froga ezeztaezina ere aurkeztu baitzuen: ezker abertzalearen eraso bidegabeak. Euskal Herrian gehienek arbuiatzen duten alderdiarekin lortutako akordioaren aurkako eraso horien zergatia ere badakigu, joan den astean Ortuzarrek berak azaldu zigulako: erasotzaileek egun batean kopetako ilea motozerraz mozteari utzi eta mototsa eramaten hasiko omen dira. Argudio sendoa, inondik ere. Asteon Kataluniaz ere mintzatu da. Izan ere, Ortuzarrek ez du inolako gairik saihestuko. Generalitateko presidente Carles Puigdemontek erreferendumerako galdera iragarriko omen du gaur, EAJk aurrekontuak adosteko hain gogoko duen alderdiak bidaltzen dizkion mehatxuen artean. Eta Ortuzar busti egin da: ez omen daki nola amaituko den hango egoera. Motozerrarik behar ez duen jeltzalea ez da, ez, inongo konturi iskin eginzale. Argi eta garbi hitz egiten du edozertaz: bere alderdiak euskal estatua nahi du, «zertarako ezkutatu». Baina garrantzitsuena ahalik akordiorik sendo eta pluralenak lortzea da. Lasaitasun urteotan, estres urteetan bezala. Beti bezala. Beharbada ez da horrenbesterainokoa, baina aitortu beharra dago haren «argudioak» benetan erantzunezinak direla.