2017 EKA. 10 IKUSMIRA Datozen udaberriak eta ezkerraren miopia Jose Angel Oria Beldurra ematen du egungo egoerak. Badirudi armak ekoitzi eta saltzen dituzten horiek direla pozik egoteko arrazoiak dituzten bakarrak, Trump buru dutela: demokraziarekin eta giza eskubideekin inolako loturarik ez duten potentziek (Saudi Arabia etortzen zait burura) gero eta tresna hilgarriagoak dituzte beren esku, eta horien aldetik gauza onik ezin espero. Ez da igarle ospetsua izan behar egoera horrek gerra eta sarraski gehiago eragingo dituela aurreratzeko eta, jakina, beren herrialdeetatik ihes egin beharrean izango diren gizakien kopuruak gora egingo duela eransteko. Eskuin muturrak (mozorroren batekin, beharbada) Europa zaharkituan gora egingo duela pentsa daiteke, orain arte ezagutu dugunaren arabera. Aldi berean, Marokoko iparraldeko Rifen herritarrek kalean jarraitzen dute, betiko bazterketa salatu nahian. Tunisian orain sei urte iraultza sortu zen eskualde berean Rifekoek eskatzen duten gauza berbera exijitzen dute orain ere. GAUR8n esplikatzen dugunez, Nigeriako hego-ekialdean ere baztertuta sentitzen dira eta Biafra independente batekin egiten dute amets. Europako hiri handietako auzo askotan ere tankerako sentsazioak dituzte, nahiz eta erdiguneko jauregi dotoreetatik ezer ikusten ez duten. Jende asko dago haserre gaurko egoerarekin eta pentsatzekoa da aurki beste leherketa sozialen bat ezagutuko dugula. Aukera alferrik galdu ez dadin, ezkerrak errealitate horiei begiratzen ikasi beharko luke. Miopia sendatu behar horretarako, ordea, urrun dagoena argi ikusteko zailtasuna sortzen duen arazoa alegia.