GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Irigoienek ez du barkatu Etxauri Harriarekin


Ez zen ezusterik izan atzo eguerdian Etxauriko plazan jokatu zen Etxauri Harria Txapelketan, eta Aimar Irigoienek irabazi zuen. Errezildarrari gaur egun irabaztea zaila da, eta atzo ere nagusi izan zen.

Harri-jasotzaileek 136,5 kiloko Etxauriko harri baldarra erabili behar izan zuten, eta kirolari bakoitzak bost minutuko txanda bat egin behar izan zuen. Aimar Irigoienek 17 aldiz lortu zuen harria bizkarrean berdintzea, gainerakoei gauzak oso gaizki jarriz. Bigarren postuan amaitu zuen Jokin Eizmendik. Zarauztarrak ere lan bikaina egin zuen, eta harria 14 aldiz jasotzea lortu zuen. Hirugarren postuan amaitu zuen Ugartemendiak, 10 jasoaldirekin, podiuma osatuz.

Azkeneko bi postuak, berriz, iragarri zitekeen bezalaxe, bi espainiarrentzat izan ziren, baina hauek ere ez zuten lan txarra egin. Jimenez avilarrak laugarren postua eskuratu zuen zazpi jasoaldirekin, eta Mielgo madrildarrak itxi zuen sailkapena bost jasoaldirekin. Biek ere hobekuntza nabarmena erakutsi zuten.

Harri-zulatzen, Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatu zen, eta Trapagak lortu zuen garaipena. 12 zulo eta 3,5 zentimetroko marka lortu zuen. Gainerakoei alde handi samarra kendu zien. Bigarren sailkatu zen Ortuellako Burdin Gazteak taldea. 11 zulo eta 7,5 zentimetroko marka lortu zuen. Podiuma Kabiezesek osatu zuen, 10 zulo eta 0,7 zentimetroko marka eginez. Atzetik, Errekatxo (10 zulo eta 11 zentimetro), Piratak (10 zulo eta 3,3 zentimetro) eta KZ Kolpeka (5 zulo eta zentimetro bat) sailkatu ziren.