GARA Euskal Herriko egunkaria

Azaletik muinera, bidaia bat

Bere lehenengo liburua du Asier Osinaldek «Baina ez lukete han egon behar», hamabi ipuinek osatutako bilduma. Argazkiak, ispiluak eta begiak muga eta zubi egin ditu idazle donostiarrak, jatorri eta izaera desberdinetako pertsonaiak haien bizitzetako egoera zehatzetan kokatuta. Independenteak badira kontakizunak, nahiz guztiek baduten antzekotasunik edo harilkatzeko arrazoirik. Horietako bat, Ibar izeneko leku alegiazkoa.


Asier Osinalde (Donostia, 1975) ez da zinema zuzendaria, nahiz film laburrik egin duen; ez da poeta, nahiz poesia idatzi izan duen; ez da musikaria, nahiz abestiak egin dituen; ez da txirrindularia, nahiz bizikleta gainean kilometro mordoa egin duen –askotan bidaiatzen–. Bere lehenengo liburua du idazle donostiarrak “Baina ez lukete han egon behar” (Erein), eta bertan nabarmena da egin duen baina ez den gauza horietako guztietako zerbait.

Hamabi ipuinetako bilduman aurkitu du erpin desberdinetako isla, hain zuzen, ispilua, begiak eta argazkiak muga eta zubi gisa erabilita. «Ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina niri askotan gertatzen zait argazki baten aurrean jarri, edo hobeto esanda, erretratu baten aurrean jarri eta pentsatzea: ‘Bale, ondo dago, baina nor da argazkian azaltzen den hori? Are gehiago, nor zen erretratuan azaltzen den hori argazkia atera zioten egunean? Zer zuen buruan? Zer sentitzen zuen?’». Horixe izan du helburu Osinaldek ipuin bilduma honetan, kanpotik barrurako bidaia bat egitea, azaletik muinera. Argazkiak, ispiluak, begiak. «Horiek dira kanpoko eta barneko munduaren arteko muga, eta, era berean, hiru elementu horiek berak dira bi munduak lotzen dituzten zubiak». Bilduma honetan jatorri eta izaera desberdinetako pertsonaiak baliatu ditu; badira jostunak, badira argazkilariak, enpresaburuak, futbol jokalariak, Erasmus ikasleak, heriotzari izkin egin nahi dion lorezaina... Eta haiengana ahalik eta gehien hurbiltzeko ariketa egin du.

Narrazio guztiek pertsonaien kanpoaldean dute abiapuntua, baina haien barnealdea haztatzea izan da ipuinen ernamuina. «Hortxe dugu gordeta inporta zaigun guztia, hortxe dauzkagu giltzapetuta gure buruarekin soilik partekatzen ditugun sekretu eta esperantzak, inori sekula aitortuko ez dizkiogun bekatu eta miseriak».

Barnealdeko bidaia horretan, pertsonaia bakoitza bere bizitzako egoera jakin batean kokatu du Osinaldek. «Haiek ere saiatzen dira egunerokoan aurrera egiten, beren atsekabe eta frustrazioekin, beren esperantza eta ametsekin, beren sekretu, beldur eta ahuleziekin. Azken batean, guztiok bizi garen errealitate likido eta ezegonkor honetan orekari eusten saiatzen dira; eta batzuek alanbrearen gainean irautea lortuko badute ere, beste batzuk erori egingo dira; badaude, halaber, burdinazko harian betiko zintzilik geratuko diren beste batzuk, baita alanbrearen gainean dabiltzanik konturatu ere egiten ez direnak ere. Finean –aipatu du idazleak–, denak daude aurrez imajinatu ezin zuten egoera batean harrapatuta, eta ez dakite patua izan den, kasualitatea, edo egunero hartzen ditugun erabaki ustez garrantzi gabeek egoera horretara eraman dituzten. Baina ez lukete han egon behar».

Elkarrekin harremanetan

Liburuko pertsonaiak eta haiek estaltzen dituzten ipuinetako geruzak independenteak dira, a priori. Baina, «ezer ez da erabat zurruna, ezer ez da erabat estankoa», eta, ondorioz, ipuinek elkarri eragiten diote, «pixkanaka armiarma sare lauso bat osatuz eta bildumari nolabaiteko osotasuna emanez». Horren adibide izan daiteke, esaterako, Ibar alegiazko lekua.

Ipuin gehienetan hirugarren pertsona nagusitzen bada ere, kontatzeko manera monotoniatik urrundu nahi izan du Osinaldek, eta lehenengo eta bigarren pertsonak ere sartu ditu. Narrazioetan ere egin ditu aldaketa zenbait. Kontakizun linealak tartean badaude ere, kronologia aldatzeko hautua intentzioz hartu du. Hartara, badira erditik hasten diren istorioak, bukaeratik hasten direnak, amaierara arte elkartzen ez diren istorio paraleloak, espiral batean formari jarraituz muinera gerturatu eta urrutiratzen direnak, egunkari moduan idatzitakoak, gutun bidezkoak... Markotik at geratu dena bilatzen dutenak, orobat.