GARA Euskal Herriko egunkaria

«Sokatik zintzilik dauden bizitzak» ikusgai Tabakaleran

Jeromino Hagermanek 45 landare baino gehiago erabilita osatu duen instalazioa ikusgai da Donostiako Tabakaleran. Eraikinean egingo diren esku hartze artistikoetako lehena da eta hiru urtez egongo da bertan.


“Malas madres / Sokatik zintzilik dauden bizitzak” izenpean bildu du Jeronimo Hagerman artista mexikarrak Donostiako Tabakaleran ikusgai jarri duen instalazioa. Eraikineko balkoien altuera ezberdinetan lorategi dilindari bat sortu du 45 landare baino gehiago elkarren artean lotuz itsasontzietan erabiltzen diren korden tankerako soka sare baten bidez.

«Beste izaki bizidun batzuengana gerturatzeko horiek gizatiartzeko joera daukagu. Hala egiten dugu, adibidez, maskoten izenekin, ipuinetako pertsonaiekin edo landareen izenekin», azaldu dute Tabakaleratik. Gaineratu dutenez, Jeronimo Hagermanek bere pieza osatzeko erabili dituen landareei malas madres (“ama txarrak”) esaten zaie Mexikon, euren kimuak habiatik kanporatzen baitituzte.

Instalazioak eraikina hautemateko beste modu batzuk bilatzen ditu: egilearen arabera, beste izaki bizidun bat airean zintzilik ikusten dugunean sentitzen dugun bertigoak ohartarazten gaitu lurrean ainguratuta dugun bizi-egoera hauskorraz; natura gizatiar eta ez-gizatiarraren arteko harreman horrek unibertsoan betetzen dugun eskala zein den iradokitzen digu.

Esku hartze hau datorren hiru urteetan egongo da Tabakaleran eta eraikineko txoko ezberdinetan urtean bitan jarriko diren hainbat esku hartze artistikoetako lehendabizikoa da. Programa honen helburua da artista ezberdinak harremanetan jartzea eraikinarekin, esku hartzeen elkargune bakar gisa.