GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Sariak eta doakotasuna


Gaur egun, musika klasikoaren esparruan, Euskal Herrian sekula izandako belaunaldirik trebeena daukagu. Europa eta Ameriketako orkestretan harrera beroa egin diete; ez zaie lekurik egiten gurean, ostera, eta ikasketen zati handia ordaindu dien gizarteari ezin itzul diezaiokete mesedea.

Musikari horietako batzuei egindako elkarrizketan behin eta berriz entzuten zitzaien kexa bera: Euskal Herriko antzokietako kultur kontratazioa ez da batere gardena.

Hitz horiek Frances Stonors Saundersen ikerlana oroitarazi zidaten. Bertan, mendebaleko Europan kulturgintza arautu eta kontrolatzeko egindako inbertsio ekonomiko eta azpilan ikaragarriaren berri ematen du. Nicolas Nabokovek ezarri ei zituen egun ezagutzen dugun “goi mailako” kulturgintza arautzen duten oinarriak.

Lehenik, estatus adierazleak sortu beharra aldarrikatu zuen Nabokovek. Kulturgileak mailakatzeko sariak sortzearen garrantzia. Era horretan, sariaren garrantzia bere dotazio ekonomikoak adierazten duela sinetsaraziz (irizpide antikulturalagorik ez dago), boteredunari interesatzen zaizkion pentsamendu eta izaera motak bultzatu eta gainerakoak baztertzeko aukera gauzatuko zen. Ezkerrak ez zuen antzeko estatus adierazlerik sortu, eta Nabokovek iragarri bezala, Andre Gide edo Benedetto Croce bezalako kulturgile aurrerakoiek CIAk nahi zuen proiektuetan amaitu zuten lanean, eurek jakin gabe, diru eta lausenguen ekosistemak liluraturik.

Horrekin batera, kultur kontsumoaren doakotasuna aldarrikatu behar zen gizartean. Norbanakoak, doakotasuna exijitu eta praktikatuz, kulturgilearen ogia instituzio publiko edo/eta dirudunen eskuetan utziko zuen, horma eta ezpataren artean.

Mediokritatearen aurkako borrokaz hitz egiten den sasoiotan, lehen urrats bat izan liteke statu quo honen aukera kostuen zerrenda egitea, aipatutako musikarien kasuan legez, kontrola ziurtatu nahiak eragiten dituen galera izugarriak ikusaraztea.