GARA Euskal Herriko egunkaria

Hezkuntzaren prekaritatearen mapa osatu du LABek Ipar Euskal Herrian

Ikasturte hasieran abiatu zen egitasmoaren emaitzak jakitera eman ditu. Ipar Euskal Herriko eskoletara igorritako inkestak egoera larria azaleratu badu ere, «hori gainditze aldera langileek martxan jartzeko duten nahikeria» nabarmendu du sindikatu abertzaleak.


Iragan irailean Hezkuntza Taldea «eskolaren osotasunera begiratuta» eratzeko pausoa eman zuen LAB sindikatuak. Hala, ordura arte irakasleen arazoak konpontzeko jarduten zen taldearen dinamikan ikastetxeetako gainerako langileen egoera sartu du. Ipar Euskal Herriko Funtzio Publikoaren ardura duen Maika Lapoublek GARAri azaldu dionez, «eskola gehienetan irakasleak eta bertze langileak bereiziak dira eta bereizketa hori gainditzea ezinbestekoa iruditu zitzaigun hezkuntzari buruzko diagnostiko zehatza egiteko».

Egitasmoaren xedea prekaritatearen mapa marraztea izaki, hezkuntza alorreko langile guztien parte-hartzea bermatzea gomendagarria zela gaineratu du sindikatuko ordezkariak.

Inkestak emaitza kezkagarriak utzi ditu, prekaritateak hamaika aurpegi dituela erakutsiz. «Ez dugu harriduraz hartu galdetegiari erantzuna eman diotenen artean %80k ikastetxeetan lan-baldintza prekarioak direla aitortu izana; alde horretatik, prekaritatearen moldeei buruz jaso ditugun hainbat erantzunek gogoetan sakontzeko aukera emanen digute», eman du aditzera Lapoublek.

Behin-behinekotasun maila altua eta lansari apala aipatzen dira sindikatuak jaso dituen 124 erantzun horietan, prekaritatearen adierazle nagusi gisa. Horiez gain, «bestelako prekaritate aztarnak» ere agertzen dira, hala nola «betebeharrei edo misioei buruzko zehaztapen falta, formazioari loturiko gabeziak edo lan baldintza txarrak pairatzen dituzten langileek sentitzen duten isolamendua», laburbildu du LABeko kideak.

Bi sareak aintzat hartuta

Eskola bere osotasunean aintzat hartzearekin batera, sindikatuak hezkuntza sisteman dauden egoera ezberdinak argazkian sartu nahi izan ditu eta, hala, sare publiko zein pribatuetako langileengana zuzendu dira.

Emaitzak aski orekatuak izan dira, gainera; erantzunen %60 sare publikotik heldu dira eta %40 pribatutik –hezkuntza sistema frantsesak bigarren horretan sartzen ditu ikastolak–.

Galdekatu dituzten langileek iruzkin anitz egin dituzte eskoletan zein egoera duten azaltzeko orduan. Hartara, kontratu mugatuen eraginaz, lanpostuen eskasiaz eta lan denboraren antolaketaz dituzten iritziak eman dituzte inkesta horren bitartez.

Era berean, prekaritatea gainditzeko eman beharreko pausoen gainean ere jardun dute. «Galdekatuen erdiak prest azaldu dira ikastetxean mobilizatzeko, propaganda banatuz edo kolektiboki antolatuz», azaldu du Maika Lapoublek.

LABeko ordezkariak nabarmendu duenez, «emaitza kezkagarria bada ere, inkestak erakusten du langile eta irakasle horiek ez dutela amore ematen, aterabideak proposatzen dituztela eta prekaritateari aurre egiteko martxan jartzeko prest direla eta hori baikortasunez hartzen dugu».

Horregatik, ikasturte berriari begira egitasmo zehatzak landuko dituztela iragarri du. «Inkesta erantzun dutenek eskatu digutelako lan prekaritatea pairatzen duten langileen antolaketa eta informazioa azkartzea».