2017 UZT. 01 HAUR LITERATURA Jazarpenaz bi hitz eta piko Lore AGIRREZABAL Beti barre eta iseka egiten dioten haur baten istorioa sortu dute Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak, jazarpenaren edo bullying-aren gaia mahaigaineratzeko bikote aparta osatuz, orain ere. Izan ere, Añorgaren lan asko bezala, kontakizun hau ere ahozkotasunetik oso gertu dago eta haurrei edo haurrekin ahots ozenez kontatzeko eta gaiaz mintzatzeko abagunea sortzeko oso aproposa da. Narrazioari irain tonuko ahapaldiek ematen diote segida; haurrek bigarren irakurraldirako buruz ikasteko modukoak dira eta ipuin-kontaketarako baliabide entretenigarri bihurtuko dira. Bestalde, Jokin Mitxelenaren zirriborro itxurako trazu biziko ilustrazioak oso egoki uztartzen dira istorioarekin. Tontolapiko deitzen dioten protagonistaren burua baino ez digu erakutsiko Mitxelenak, baina oso irudi adierazkorrak dira eta ezin hobeto irudikatzen dituzte jazarpena jasaten ari denaren sentimenduak: hasierako haserrea, tristura, etsipena, depresioa, poza… Poza, bai; damua eta poza ere sartu baitituzte ipuin honetan. Istorio gogorra izan arren, egoerari buelta eman eta jazarpenaren eraginez erabat hondoratuta geratu den mutikoa zulotik ateratzeko ahalegina egingo dute jazartzaileek; modu horretan, guztiei bigarren aukera bat ematea hobetsi dute egileek: egoera hori eragin dutenei okerra zuzentzeko aukera emanez, eta, jasan duenari zulotik ateratzeko bidea edo laguntza eskainiz. Bullying-a da liburu honetako gaia. Jolas itxuran hasi baina errepikatuz eta indartuz joaten diren hitzezko mespretxu, iseka, irain eta gutxiespen amaigabeek zer nolako mina eragin dezaketen oso argi erakusten duen istorioa da. Hasierako irainei lehendabizi umorez eta ondoren haserre aurre egiten saiatu arren, jazarpen eta gutxiespen amaigabeak jasaten dituena nola hondora daitekeen erakusten digu ipuin honek. Egoerari aurre egin ezinda, etsipenetik tristurara eta hortik depresiorik sakonenera iritsiko da protagonista, ipuinak dioen moduan “hilda bezala” geratu arte. Beraz, egoeraren ondoriorik gordinenera, heriotzara, gerturatzen da kontakizuna. Hala ere, istorioa ez da horrekin amaitzen. Izan ere, arestian esan bezala, bigarren aukera bat eman nahi izan diete Añorgak eta Mitxelenak liburu honetako protagonistei. Hori dela eta, zuloraino eraman duten horiexek izango dira gero, urrunegi joan direla ohartuta, mutikoa berreskuratzeko ahalegina eginez, aurpegiko atal guztiak bere lekuan hitz goxoz lagunduta jarriz, zulotik aterako dutenak. Ipuinaren zati horrek, bullyingari buruzko beste liburu bat ekarri dit gogora: Gregie de Maeyer eta Koen Vanmechelen “Juul” liburua, hain zuzen. Liburu horretan, ordea, alderantzizkoa gertatzen da gorputz atalekin, protagonistaren gorputz atalak desagertzen joaten baitira horietako bakoitzari buruzko irainak jasan ahala, protagonista ia erabat desagertzeraino. “Tontolapiko” liburuan, berriz, hasierako hitz iraingarriak −barregarrizko eta buru-perretxiko− hitz atseginagoekin ordezkatzen dira amaieran −sinpatiko eta fantastiko−. Dena dela, bi liburuek hitzezko bortizkeriak eragin dezakeen kalteez ohartarazteko ahalegina dute ardatz nagusi. Añorgak eta Mitxelenak sarri erabili ohi duten umorea eta jolasa ez zaio falta ipuin honi ere, baina gai mingots, gogor eta serioa hartu dute hizpide eta tentu handiz azaleratzea lortu dute, dramatismoan hondoratuta geratu gabe. Denonartean argitaletxearekin argitaratu dute, tapa gogorreko album formatuan, azal gorri-gorriarekin eta kolore indartsuz betetako orrialde askorekin. Horrez gain, Youtuberako bideo bat ere sortu dute, liburua hartuko duen bitartekariarentzat lagungarri suerta daitekeen bideoa; izan ere, bertan Pello Añorga kontalari lanetan eta Jokin Mitxelena zuzenean ilustratzen agertzen baitira.