2017 UZT. 03 Aizkora Otaegi berriro ere Lehen Mailan da Zizurkildarrak lehen 60 ontzakoan aurre hartu zuen, eta gero ez zuenbarkatu. Zalduak eskuratu zuen bigarren postua eta Otañok hirugarrena. Jon LEUNDA Joseba Otaegik irabazi zuen atzo Usurbilen jokatu zen Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela. Maila handiko finala zen atzokoa, horietako batzuk Euskal Herriko Lehen Mailan baitaude. Azken orduko aldaketa bat ere izan zen, gerrietako arazoekin Irazuk ezin izan baitzuen lehian aritu, eta haren ordez Mugertza III.a aritu zen, kanporaketan zazpigarren geratu zena. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Jendetza batu zen norgehiagoka ikusteko asmoarekin. Otaegi ikusten zuten askok faborito, eta Zizurkilgoak ez zuen hutsik egin. Lehen enborretan Zaldua aritu zen aurretik, baina aurreneko 60 ontzakoa ebakitzerako Zizurkilgoa aurretik jarri zen eta amaieran alde nabarmena kendu zien gainerakoei. Otaegik datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela ere eskuratu zuen. Bigarren posturako borroka handia izan zuten Eneko Otañok eta Xabier Zalduak, baina azken honek hasieratik lortu zuen abantaila nahikoa bigarren postu horri eusteko, eta Beizamakoak osatu zuen podiuma. Txapartegik, berriz, hasieratik hartu zuen laugarren postua, eta amaieran hortxe amaitu zuen. Azkeneko postuan ez amaitzeko ere borroka izan zuten Mujikak eta Mugertzak, baina Ibarrakoak eutsi egin zion bosgarren postu horri. Joseba Otaegik 12 minutu eta 33 minutu behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Bigarren postua Xabier Zalduarentzat izan zen. Zumarragakoak 14 minutu eta 19 segundo behar izan zituen. Atzetik sailkatu zirenak Eneko Otaño (14.43), Luix Txapartegi (15.12), Jexuxmari Mujika (16.44) eta Aratz Mugertza (17.11) izan ziren. Herenegun Azpeitian Mikel Larrañagak eta Alex Txikonek jokatu zuten apustuak zeresan handia utzi du, baina une honetan garrantzitsuena bi aizkolarien osasuna da, eta alde horretatik berri onak daude. Txikonek gaua erietxean pasatu ostean, hobera egin du, eta jadanik etxean behar du. Azpeitiarrak, berriz, ez zuen erietxera joan beharrik izan, nahiz eta larri amaitu zuen. Atzo goizean Usurbilen zen Gipuzkoako Bigarren Mailako finala ikusten, nahiz eta arratsaldean Beizaman egin behar zuen saioan ezin izan zuen aritu. HOBERALarrañagak eta Txikonek hobera egin dute. Azpeitiarrak ez zuen erietxera joan beharrik izan, baina atzo ezin izan zuen Beizaman zeukan saioan aritu. Bizkaitarra jadanik etxean da.