GARA Euskal Herriko egunkaria

Paleolitoko hamabost grabatu aurkitu dituzte Aitzbitarte IV-n

Hamabost bisonte eta zaldi irudi aurkitu dira ezohiko egoera batean, Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan. Arkeologoen hitzetan, erabilitako teknika ezohikoa eta ezezaguna da Kantauri aldean, eta bisonteetako bat maisutasun handiz eginda dagoela ere nabarmendu dute. Aurkikuntzarekin, kobazuloak babes gorena edukiko du, labar-pinturak dituelako.


Espeleologo talde batek 14.000 urteko antzinatasuna duten animalia-irudi multzo bat aurkitu du Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan. Berebiziko garrantzia duen aurkikuntza da, erabilitako teknikaren ezohikotasunagatik eta duen inpaktu bisualagatik, horietako batzuk behe-erliebeko figurak baitira. Aurkikuntzaren berri atzo eman zuten prentsaurrekoan Gipuzkoako Kultur diputatu Denis Itxasok, Errenteriako kultur zinegotzi Garazi Lopez de Etxezarretak, Diego Garate arkeologoak eta Javier Busselo, Sergio Laburu eta Ainara Rodriguez, Felix Ugarteren espeleologia-taldeko kideek.

Kontatu zutenez, iragan den apirilaren 6an Javier Busselo eta Sergio Laburu, Felix Ugarte Elkartea espeleologia taldeko kideak, Aitzbitarte IV kobazulora joan ziren erdiko zatian dauden zenbait tximinia bertikal aztertzera. Hamar metro inguruko tarte bat igo zuten eta, ondoren, zortzi metro inguruko bi tutu erdibertikaletan zehar jarraitu zuten, “Y” formadun espazio batera iritsi arte. Espazioaren alboko adarretan Paleolitoko hainbat grabatu aurkitu zituzten eta horiek paleolitikoak direla ondorioztatu zuten, zimurrek duten patinarengatik eta sektoreko hormak eta zoruak ukitu gabe daudelako.

Gaineratu zutenez, espazioa izugarri hauskorra da, duen tamaina txikiagatik (aldi berean bi pertsona sartzen diren katazulo bat da) eta buztin-euskarriarengatik berarengatik. Diego Garate adituaren hasierako balorazio batean azaltzen denez, uste dute gutxienez hamabost animalia-irudi (bisonteak eta zaldiak) eta bi bulba daudela. Denak ezohiko kontserbazio-egoeran daudela ere azpimarratu zuten.

Irudiak zenbait multzotan sailkatzen direla ere zehaztu zuten. Ezker sektorean, esaterako, 40x40 cm besterik neurtzen ez duen tutu batetik 4 metro igota buztinean bertan marraztutako irudiak ikus daitezke eta bereizgarriena da Erdi Madelein aldiko irudi horiek egiteko Kantauri erlaitzean inoiz ikusi gabeko teknika bat erabili zutela. Zehaztu zutenez, Estatu frantsesean, Ariege-ean kasu paralelo gutxi batzuk daude.

Grabatu horietan –silexdun berana erabilita modelatu zituztenak– bisonte bat eta oraindik zehaztu gabeko beste animalia baten irudia antzeman daiteke. Adituen hitzetan, eskuak erabili zituzten horiei bolumena emateko, eta erliebezko planoak, gorputz-adarren perspektiba nabarmentzeko. «Bisontea gutxitan ikusten den maisutasunez eginda dago», nabarmendu zuten.

«Sakelako telefonoaren bidez irudiak bidali zizkidatenean adarra jotzen ari zitzaizkidala pentsatu nuen, hain dira ikusgarriak...», ziurtatu zuen Garatek.

Alboko panel batean metro bateko bulba bat dago eta, ondoan, beste txikiago bat. Aurkako horman neurri handiko zaldi bat dago (metro eta erdi), eta interpretatu gabeko hainbat lerro eta buztin-erauzketak. Zoruko erlaitzak oso-osorik daude.

Eskuin sektorean, berriz, buztin-erlaitz baten gainean ukitu gabe dagoen katazulo bat dago. Zorua ez hondatzeko, ez dutela katazuloa aztertu esan zuten baina, urrunera, bisonte baten irudia ikus daitekeela zehaztu zuten, beste irudi bat sabaian, eta, bien artean, buztinez egindako eta zangoak tolestuta dituen bisonte bat.

Aurkikuntzarekin batera, Aldundiak kobazuloa itxi eta automatikoki babes gorena izango duela ere zehaztu zuten, labar-pinturak babesteko.

Goi Paleolitoan bizi izan ziren taldeentzat (duela 38.000 eta 12.000 urte artean) igarobide naturala izan zen Euskal Herria, non biztanle asko zebilen eta labar-arte paleolitikoa oparoa den. Aitzbitarteren kasuan, bere balio arkeologikoa ezaguna da XIX. mendetik. Paleolitoko eta garai honen osteko giza aztarnak aurkitu izan dira Aitzbitarte III, IV eta V kobetan, azkenak –25.000 urteko antzinatasuna duten grabatu batzuk– 2015. urtean aurkituak.

Indusketen balioa

Hitza hartuta, Itxasok azpimarratu zuen, teknika eta teknologia berriek eta Aldundiak sustatuta azkenengo urteetan egindako prospekzio lanek aurkikuntza garrantzitsuak ekarri dituztela. Aurkikuntzek, azpimarratu zuen, «gure arbasoen bizitza ezagutzeko aukera ematen dute, eta sinbolismoaren jatorriaren eta sormen artistikoaren ebidentzia gehien duen lurraldeetako bat bihurtu dute Gipuzkoa. Aurkikuntza horiek frogatzen dute giza bizitzak hasiera-hasieratik eduki dituela sormena eta artea alboan», esan zuen Itxasok.

Kultura diputatuaren iritziz, beharrezkoa da indusketak eta ikerketa arkeologikoak sustatzea, horrela «gaur egun oraindik oso gutxi ezagutzen ditugun garai horien gaineko ikerketak sustatzeko, eta eskuratutako ezagutza guztiak sozializatzeko». Horrez gain, lan horien inpaktu soziala ere nabarmendu zuen eta goraipatu zuen boluntario eta unibertsitate ikasle asko ibili direla lanean, zeintzuek «kalitate handiko formazioa edukitzeko aukera» izan duten.