GARA Euskal Herriko egunkaria

25 urteko ibilbidea ikuskizun berriaz ospatuko du Carrerek


Ipuin kontalaritza ofizioan hogeita bost urte daramatzala ospatzeko ikuskizun berezia prestatu du Joxemari Carrerek. Ostiralean, 19.00etan hasita, “The Best of Joxemari Carrere. 25 urte kontu kontari” estreinatuko du Errenteriako Niessen antzokian eta, izenak dioen bezala, mende laurdeneko ibilbideak eman duenaren errepasoa egin eta bere ipuingintzan esanguratsuak izan diren aleak eramango ditu antzokira.

Izan ere, Carrerek idazle ezberdinen ipuinak kontatzeari ekin zion lehenik, baina berehala hartu zuen ipuin tradizionalekiko interesak eta, hala, euskal tradizioko ipuinetatik hasi eta munduko kultura ezberdinetako ipuinek osatu zuten, apurka-apurka, bere unibertsoa. Zeregin horretan hainbat lagun izan ditu bidaide, besteak beste, Mikel Markez, Alaitz Telletxea edo Asier Serrano.

Ostiralean, osatu duen unibertso horretako aleak eramango ditu Errenteriara.