GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Errebantxa egarriz

Ardoaren Desafioaren parte bezala txertatu dute Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarriak jokatu beharreko Buruz Buruko finalaren errepikapena. Bi pilotariek «gustura» jokatuko dute partida hori.


Urte batzuetan posible izan ez den arren, ohitura moduko bat izaten da Andre Maria Zuriaren jaien barruan Buruz Buruko txapela irabazi duen pilotariak urteko partidarik garrantzitsuena galdu zuenari errebantxarako aukera ematea. Aurten ere Oinatz Bengoetxeak eta Iker Irribarriak, edo hobeto esanda, Asegarcek eta Aspek, horretarako modua adostu dute eta leitzarrak eta aramarrak abuztuaren 7an jokatuko dute Ogetan, gauez, elkarren aurka. Hori bai, berrikuntza moduan eta lau egun baino izango ez dituen feriaren barruan, bi aurrelarien arteko dema Ardoaren Desafioaren barruan sartu dute; Retegi Bi/Artola arituko dira Lau eta Erdian eta Elezkano II.a-Martija eta Laso-Untoria binaka.

Abuztu erdialdea ez da izaten garairik onena halako partida gogorrak jokatzeko, baina bi pilotariek gustura hartu dute erronka, baita txapeldunak ere. «Klasikoak dira hemengo errebantxak eta oso pozik nago jokatzeagatik. Niretzat oso partida berezia da, uda guztiko bereziena ziurrenik, eta polita izango da, nahiz eta jakin oso zaila izango dudala», azaldu zuen Oinatz Bengoetxeak.

Aurkezpenean Aspe eta Asegarceko ordezkariek ez zuten erabat argi utzi partida antolatzearen ekimena goierritarrarena izan ote zen, baina maiatzaren amaierako arantzatxoa ateratzeko gogoz kantxaratuko da Ogeta pilotaleku gogorrera. Hori bai, aurten urdinez jokatuko duenak ez du abantailarik izango sakean, biek ere lau eta erdian bote eginaz jarri beharko baitute pilota jokoan.

Txapelketa trinkoa

Iruñeko torneoa amaituta eta Logroñokora bitartean, amaitu dira enpresa bakoitzak hiru bikote aurkeztuko dituen txapelketak eta pilotari arabarren faltan, enpresek ahalik eta bikoterik indartsuenak jarriko dituzte jokoan, buruz burukoan arituko diren Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria izan ezik.

Berrikuntza bakarra David Merino izango da. Iruñean ez zuen jokatu atzo oposizio batzuk egiten zegoela-eta Gasteizen izaterik ez zuen atzelariak, baina Gasteizen lekua egin dio Aspek. Iaz Jokin Altunarekin torneoa irabazi zuen Jose Javier Zabaletaren lekua hartuko du Villar de Torrekoak eta iaz pilotaririk onenaren Ogeta saria eraman zuen amezketarrarekin –2022ra arte luzatu du Asperekin kontratua– osatuko du bikotea. Euren lehen aurkariak Ezkurdia eta Beñat Rezusta izango dira, sanferminetan horren itxura ona eman dutenak.

Ez da izaten Gasteizkoa oso feria ona Asegarcerentzat; azken hamar urteetan bitan baino ez dute irabaztea lortu –Bengoetxea VI.a-Beroiz izan ziren azkenak 2013an– eta lehorte horri buelta emateko asmoz, oso bikote indartsuak jarri ditu, elkarrekin jokatutako hamar partidetatik zazpi irabazi dituzten Olaizola II.a eta Larunbe (Goizuetakoak 2000. urtean baino ez du irabazi torneo hau) eta Mikel Urrutikoetxea-Albisu.

Asegarceko bi bikoteen arteko finalerdiak emango dio hasiera torneoari abuztuaren 5ean, larunbatarekin, Aspekoak jarraituko dio hurrengo egunean eta finala abuztuaren 8an jokatuko da, gauez. Partida guztiak ETBk emango ditu, lehenengoa, hilaren 5ekoa, aurrez grabatuta.

 

Pilota zezenketen ordezko?

Aurtengoak izango dira, azken urteetan behintzat, zezenketarik izango ez den lehenengo Andre Maria Zuriaren jaiak. Atzoko aurkezpenean jakinarazi zutenez, izan dira, Blusa eta Nesken komisioarekin eta Arabako Federazioarekin, pilotak orain arte zezenketek izan duten lekua betetzeko bilerak eta zezen-plazarako «paseilloa» pilotalekurako kalejirak ordezka dezan saiakerak, baina aurten behintzat ez da halakorik izango, hein handi batean blusek bestelako ekintza batzuk antolatuko dituztelako zezen plazan.

Etorkizunera begira, pilota feria apur bat luzatzeko aukera ere buruan omen dute antolatzaileek eta bitartean, hurrengo asteartean, Blusen eta Nesken Egunean, pilota jaialdi bat ere antolatu dute. Hasteko, nesken gomazko paletako GRAVNIko finalaren errebantxa jokatuko dute Irazustabarrena-Mendizabalek eta Martin-Saez de Aramendik. Gero, eskuz, Olaizola-Imaz/Artola-Larunbek.J.O.