GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Salaketaren beharrik ez


Ados. Ez da nahikoa. Gehiago egin zitekeen. Urrunago joan zintezkeen. Baina bazen garaia. Izan ere, beren bikotekideen, beren bizilagunen, auzokideen... esku indarkeria matxista jasan duten emakumeak biktimatzat hartuko dira aurrerantzean, nahiz aurrez salaketarik jarria ez izan.

«Ez zeukan salaketarik jarrita», nabarmendu izan dute behin eta berriz hedabideek etengabeko jarioan etorri diren heriotzen inguruan. «Eta...?», galdetu izan diot neure buruari, haserre, behin eta berriz, hori entzutean.

Beren senarrak jipoitutako emakume bat baino gehiago izan dut nire aurrean. Bai haiei lehen pertsonan entzundakoak, bai hedabideen bidez ezagutu ahal izan ditudan testigantza ugariek garbi erakutsi didate zure ohekideari, zure seme-alaben aitari, salaketa jartzea ez dela hain erraza. Izua. Lotsa. Errudun sentimendua. Ingurukoek zu epaituko zaituzten beldurra... Hori dena sartu zaku batean. Eta horrela ulertuko duzu hainbat biktima geldirik egotea. Geldirik. Ezer egin ezinik. Salaketa jartzeko adorerik gabe.

Eta horri gehitu, salaketa prozesu juridikoaren beraren zailtasuna.

Madrilgo Kongresuan lortu berri duten hitzarmenari esker, hemendik aurrera biktimek arreta jaso ahal izango dute kasu horietan. Eta poztekoa da.

Gainera, orain arte ez bezala, seme-alaben bisitarik ez dute jaso ahal izango erasotzaileek espetxean.

Orain plana behar da. Neurriak modu egokian bateratuko dituen plana. Noski, horrek diru inbertsioa eskatzen du. Ea paper zurian idatzitakoa benetan aplikatzeko baliabideak jartzen dituzten.