2017 UZT. 28 GUTUNAK Askatasun egarriz Saharan JOSU JIMENEZ MAIA Idazlea Saharako errefuxiatu-kanpamentuetatik etorritako Galia neskatoa ederki gogoratzen dut Hendaiako hondartzan, «I'm thirsty» zioen kamiseta bat jantzita, «Egarri naiz» alegia. Paradoxikoa zen arren, Euskal Herrian zela, ez zen ez gose, ez egarri; ez Iparraldean, ez Hegoaldeko gure etxean. Errefuxiatu jaio zen Galia Balal Mohamed neskatoa, eta Oporraldia Bakean programari esker, azken bost udak gure etxean eman ditu; aurten, baina, jadanik ez da etorri, programak ezarritako adin-epea bukatuta, eta orain Hendaiako hondartza hutsik dago, Berriozarko gure etxea bezain hutsik. Galia neskatoarekin batera, 170.000 saharar inguru bizi dira errefuxiatu Aljeriak utzitako hamadan, basamortuaren basamortuan, oso bizi-baldintza gogorretan... Udako egunotan, 50 graduko tenperatura baino gehiago izanik, Galiak kontatzen digu egunez ia-ia ez dutela deus egiterik, eta haiman egoten direla erdi-lo; iluntzean hasten dira berpizten. Baina, hala eta guztiz ere, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararrak ez daude hobeto; Marokoren agindupeko Saharan giza eskubideen urraketa eguneroko kontua da, eta Gdeim Izik Duintasunaren kanpamentuaren auzian frogatu berri denez, 24 sahararren aurka ebatzitako zigorrak guztiz neurriz kanpokoak izan dira, hainbat kasutan bizi bitarteko espetxe zigorra ezarri zaielarik. Espetxe zigor neurrigabe horiek salatzeko eta Saharako presoak askatzearen aldeko kale agerraldia eginen dugu gaur, arratsaldeko zazpietan, Iruñeko Gazteluko plazan. Galia neskatoak janzten zuen kamisetak «Egarri naiz» zioen. Izan ere, Saharako Herria egarri da, askatasun egarri.