2017 ABU. 05 ALPINISMOA Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza tristura apur batekin itzuli dira Euskal Herrira GARA Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak ez zuten ezkutatu atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan tristura apur batekin itzuli direla Gasherbrum mendietara eginiko azken espediziotik. Aurtengoa bigarren saiakera zuten Gasherbrum I eta II mendiak lotuko zituen trabesiaren bila, eta lortu ezin izanak, eta batez ere eguraldiak horretarako ia aukerarik eskaini ez izanak, amorrazio puntu bat sortu diela onartu zuten hiru alpinistek. «Ez dugu lau eguneko tarterik izan eguraldi onarekin, eta horixe izan da espedizio honetako arazo nagusia. Goialdean sekulako haize boladak izan ditugu. Saiatzen zara zure burua apur bat engainatzen, ‘agian geldituko da’ esanaz, baina gero errealitatea gailendu egiten da», azaldu zuen Vallejok izandako esperientziari buruz. «Fisikoki oso ongi geunden, baina mendia oso arriskutsu aurkitu dugu, elur askorekin. Sentipena geneukan une oro leku desegokian geundela, edozein unetan elur-jausi batek harrapatzeko arriskuan geundela, eta hori ikusita saiakera bertan behera uztea erabaki genuen», gehitu zuen Zabalzak. «Pentsatzen genuen iazko baldintzak baino okerragoak aurkitzea ezinezkoa izango zela, baina halaxe izan da. Ez dira egon elurte ikaragarriak, baina egunero 5-10 zentimetro botatzen zituen, baldintzak asko okertuz», izan zen Iñurrategiren azalpena, amorrazio puntu hori nondik zetorren argi utziz. Erreskatea, behar etiko bat Bestalde, hiru alpinistek bat egin zuten Valerio Anovazzi mendizale italiarraren erreskateari garrantzia kentzerakoan. Iñurrategik adierazi zuenez, «behar etikoa zen», edo Vallejok esan zuen moduan «edozein alpinistak egin beharko lukeena», eta ez omen zuten bi aldiz pentsatu trasteak hartu eta haren bila joateko. Eta WOP fundazioaren hitzetan, bere proiektua amaitzeko modu ederra, «egon daitekeen gailur altuena».