2017 ABU. 13 GUTUNAK Eurofilia versus eurifilia IGOR LAUZIRIKA GERRIKAGOITIA Euskal preso politikoen sakabanaketaren diseinuan parte hartu zuten, baina presoei eta ezker abertzaleari leporatzen die egoeraren gordina Urkullu presidente erregionalak. Familien errua aipatzea falta izan zaio. Kepa eta beste askoren heriotzak bere kontzientzian egongo dira, halakorik baleuka. Lemoizko zentral nuklearraren alde zeuden, bestela azak jan behar genituelakoan (Arzalluz dixit). Orain aza ultrakozinatuak erosten ditugu BMn, Lidl-en... eta baserritarrik ez dago apenas. Eskerrak. Orain, Garoña ixteaz pozten ei dira. Maroto ere bai (manda güevos). Atez atekoaren kontra daude, deserosoa eta «antiestetikoa» omen delako, sistema eraginkorrenetakoa bada ere. Europan txalotua eta PSOEk eta hainbatek Espainian babesten duten sistema; Euskal Herrian, ez, ordea. Horren ordez, «ekoerraustegi berdea» saldu digute eta guztion diruarekin ordaindu. Green bada, ez dago eztabaidatu beharrik. Orain, hainbat herritara dagoeneko kolapsoa ekarri duen eredu turistikoa sustatzen ari dira eta eredu horren aurkakoak kriminalizatzen. Kukutza eta Errekaleor bezalakoak eraitsi eta hotelak eta merkataritza gune handiak eraiki. Betiko dendak itxiarazi, frankiziak zabaldu, auzotarrak bota, lan baldintzak okertu –azken lan erreformak lagun–, euskara desagerrarazi. Jatorra ezkutatu eta dena da cool. «Welcome to Spain, tourist». Gentrifikazioa eta Euskal Herria salgai. Ongi etorri errefuxiatuak, baita turistak ere, jakina. Guztiok izaten gara turistak noiz edo noiz, baina ez eredu turistiko beraren aldekoak, eta azken bolada honetako ekintzak eredu baten sintomak dira; ez, ez da mediku neoliberalek «diagnoasmatutako» turismofobia. Beti izan dira trebeak hitz berriak asmatzen. Diru kontuetan hazi, hazi eta hazi beharra, etengabe, Azpiazu azkar baina totelka aipatzen saiatu zen ezelako «desazelerazio» barik eta kalteei edo sektoreko enpresari-magoek sortutako aberastasunaren banaketari erreparatu barik; euroen hizkuntzan esanda, «rapidito, que en castellano es más fácil». Eurofilia ote? Nazio gisa, ostera, «deeeespasiiitooo» (Ortuzarrek esana). Abiadura handi-txikiko jeltzaleak, besteon fobiak diagnostikatzen trebeak. Eta nik, ostera, euria maite dut, ostia! Eurifilia ote? Ez dut uste. Ez da fobia edo filia kontua, borroka ideologikoa baino, eredu borroka. Nik euria maite dut, geure-geurea delako eta guztiok berdin-berdin bustitzen gaituelako.