2017 ABU. 15 Harri-jasotzea Lopetegi gaztea buru dela jokatuko da Mallabiko Torneoa J.L. Sei harri-jasotzaile lehiatuko dira gaur 17.30etik aurrera Mallabian, bertako Torneoan. Hemen ere gazteek izango dute erabateko protagonismoa, eta nabari da dauden eskola ezberdinek egiten duten lanaren fruitua. Lopetegi, Olaizola, Eizagirre, Peñagarikano, Goikoetxe, Zelai V.a eta Peter izango dira lehiatuko diren harri-jasotzaileak. Bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko ditu eta bakoitzarekin bost minutuko txanda izango dute. Gazteak dira nagusi, baina horien artean batzuk oso ezagunak ere bai, eta irabazteko faborito nagusia Lopetegi zarauztarra izango da. Adinez oso gaztea izan arren, sekulako maila ematen ari da, eta Mallabian gainerakoek ez dute batere erraza izango bera menderatzea. Aspaldian plazetan gutxi ibili diren Olaizola edo Goikoetxe ere ikusteko parada izango da, kirol hau maite duenak aukera ederra izango du. Harri-zulatzea Ligako seigarren jardunaldia jokatuko da gaur Gernikan, 19.00etan. Sailkapena bero-bero dagoen honetan, amaierako emaitzek sekulako garrantzia izango dute hemendik aurrera. Gaurkoan ere orain arte aritu diren talde berak izango dira, eta Gernikan ikusiko ditugu lanean Aldai Alde, Burdin Gazteak, Errekatxo, KZ Kolpeka, Kabiezes eta Piratak. Maila handia dago, eta berdintasuna ere bai. Hemendik aurrera hutsak garesti ordainduko dira. Azkeneko jardunaldia Aldai Aldek irabazi zuen, eta bigarren sailkatu zen Burdin Gazteak, zentimetro gutxi batzuren aldea kendu zion. Ondarroan, berriz, bihar 17.00etatik aurrera jokatuko da Gipuzkoako orga-jokoko finala.