2017 ABU. 16 Aizkora Aitzol Atutxak ez du barkatu Urrezko Kopan Hasierako enborretan pare samarrean joan ziren, baina bizkaitarrak apurka-apurka aldea handitu, eta amaieran nahiko garaipen erosoa lortu zuen. Larrañaga eta Vicente izan ziren podiuma osatu zutenak. Azken eguneraketa: 2017 ABU. 16 - 08:04h Jon LEUNDA Aitzol Atutxak bete egin zituen aurreikuspen guztiak eta aurten ere bera izan da Urrezko Koparen irabazlea. Lehiaketa honetan aurreko urteko Euskal Herriko Txapelketako bost onenek parte hartzen dute eta aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Donostiako Trinitate plazak sarrera oso ona izan zuen. Honelako probetan beti gertatzen den moduan, aizkolariak bizi-bizi hasi ziren lanean, eta lehen enborretan bostak ere parean aritu ziren. Apurka-apurka, ordea, Aitzol Atutxa aldeak ateratzen hasi zen, eta lan erdietarako tarte zabala ireki zuen eta hortik aurrera bidea zabal-zabalik izan zuen. Une batzuetan bazirudien markatik ere gertu ibil zitekeela, baina gero denbora joan zitzaion, eta ezin izan zuen helburu hori lortu. Pixkanaka gainerako postuak ere finkatzen joan ziren. Larrañaga izan zen bizkaitarrak gertuen izan zuen aizkolaria, eta amaieran berarentzat izan zen bigarren postua. Iker Vicenterengan ere itxaropen asko zeuden, baina gazte nafarrak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Atutxak 31 minutu eta 54 segundo behar izan zituen egin beharreko lan guztiak burutzeko. Bigarren postua izan zen Larrañagarentzat, eta azpeitiarrak 33 minutu eta 9 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Atzetik sailkatu ziren Vicente II.a (34.50), Otaegi (39.50) eta Lopez (40.34). Gainerako txapelketak Aizkora gustuko dutenek datozen egunetan ere izango dituzte txapelketa batzuk ikusteko aukerak. Gaur, 18.00etan, Arabako Bigarren Mailako aizkolarien finala jokatuko da Laudion, eta bertan Eloy Kortxero, Ramiro Llanos, Juan Carlos Lopez eta Asier Armentia arituko dira lanean. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki beharko ditu. Bihar, 18.00etan, Arantzan jokatuko da Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketa. Bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat ebaki beharko ditu bakoitzak. Patxi Mindegia, Eneko Saralegi, Goizeder Beltza, Iban Resano, Jon Telletxea, Mikel Indakoetxea, Mielanjel Etxeberria, Oier Kañamares eta Asier Pellejero lehiatuko dira. Aurreneko bost sailkatuek lortuko dute irailaren 30ean Igantzin finala jokatzeko txartela. Etzi, berriz, Xuban Kañamares, Jexux Etxeberria, Moises Gogortza, Iker Gorriti eta Emilio Garcia neurtuko dira Ezkurrako pilotalekuan 18.00etan, eta bertan Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatuko dute. Bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak. OMENALDIA Joxemari Olasagastik omenaldia jaso zuen Urrezko Kopa hasi aurretik. Donostiako Udalak oroigarri bat eman zion, eta saioaren hasierako txistua ere berak jo zuen, Trinitateko plaza betetzen zuten zale guztien txalo artean.