2017 ABU. 16 Harri-jasotzea Lopetegik zilindroarekin erabaki du Mallabiko Torneoa J.L. Ez zen ezusterik izan atzo jokatu zen Mallabiko Torneoan, eta Lopetegik jantzi zuen txapela. Zarauzko gazteak zilindroarekin erabaki zuen norgehiagoka. Bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bosna minutuko txandak izan zituzten. Lopetegik 93 jasoaldi lortu zituen denera. 54 eman zizkion zilindroari eta 39 bolari. Bigarren postuan sailkatu zen Goikoetxe. Elgoibarkoak 51 aldiz berdindu zuen bizkarrean zilindroa eta 39 aldiz bola. Podiuma Peñagarikanok osatu zuen, denera 84 jasoaldi lortuta. 46 jasoaldi eman zizkion zilindroari eta 38 bolari. Zelai V.ak eskuratu zuen laugarren postua. Mallabitar gazteak 46 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari, eta 36, berriz, bolari. Denera 82 jasoaldi ematea lortu zuen. Bere atzetik, bosgarren postuan, Eizagirre zarauztarra sailkatu zen, 78 jasoaldirekin. 45 aldiz berdindu zuen zilindro zaharra eta 33 aldiz bola. Olaizolak, berriz, seigarren postua eskuratu zuen, 61 jasoaldirekin. 37 jasoaldi eman zizkion zilindroari eta 24 bolari. Sailkapena Peterrek itxi zuen. Denera 47 jasoaldi eman zituen. Bolari 17 eta 30 zilindro zaharrari. Jendearen erantzuna ere bikaina izan zen, Mallabiko pilotalekuko harmailak bete egin baitziren. Txapeldunak Maika Ariztegik nesketan eta Jon Lapazaranek mutiletan irabazi zituzten Euskal Herriko ingude-altxatzeko finalak. Ariztegik 96 jasoaldi lortu zituen, eta Lapazaranek 90. Neskek 10 kiloko ingudeak erabili zituzten, eta mutilek, berriz, 18koak. Bietan, bakoitzak minutu eta erdi izan zituen lanean aritzeko.