GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Guk hildakoak jartzen ditugu, haiek...


Guk hildakoak jartzen ditugu, haiek negozioa egiten dute. Guk, herriak, hildakoak jartzen ditu, haiek argazkietan gurekin atera nahi dute. Guk geure samina eta haserrea adierazi nahi dugu, haiek nahitaez elkarrekin egin behar dugula diote, haien samina eta geurea bera baita, haien haserrea geurea omen da eta.

2001eko irailaren 11tik omen dator adostasuna: Mendebaldeko herrietan burutzen dituzten eraso indiskriminatuetan, inolako zirrikiturik gabeko batasuna eraiki behar da erakundeen inguruan, haien ekimenen inguruan, haien ideologiaren inguruan. Desadostasun txikiena azaltzen duena zuzenean beste aldean, gaiztoen aldean, jartzen da. Beraz, establishment-ak fikziozko segurtasun baten izenean eskubideak mugatzea erabakitzen badu, inork ezin du txintik esan; establishment-ak beldurrean oinarritutako gezurrezko babesaren izenean xenofobia bultzatzen badu, guk, herriak, ezin du ezer esan.

Naomi Kleinek azaldutako shock doktrinaren ondorioak omen dira horiek guztiak: jendartean eragin handia duten gertaerak (pertsonek zein naturak eraginak) herritarren gustuko ez diren neurriak hartzeko edota pentsamendu bakarra ezartzeko baliatzea.

Baina Estatu espainiarrean, 2004ko martxoaren 11 baino lehen, baita New Yorkeko gertaeren aurretik ere, jada “adostasunaren doktrina” hori bere gordintasun osoan aplikatu zela esango nuke. Euskal Herrian milaka herritarrok pairatu behar izan genituen ETA erakundearen ekintzen aurrean Mayor Oreja, Iturgaitz, San Gil edota Savater gisako jendilajearen gorrotozko txepelkeriak, herritarron egunerokoan kontraesan salbaezinak eragiten zizkiguten burugabekeriak. 1997ko Joxe Azurmendiren demokratak ala biolentoak, abertzaleak ala demokratak datorkit gogora, estatu-arrazoia dogma bihurtua. Orduan ere txintik ezin esan, kontraesanak ezin adierazi, oihu desberdinik ere ezin bota.

Hain zuzen ere, shock egoera hori baliatzen da edonoren oinarrizko printzipioak albo batera utzarazi eta batasunaren izenean ideologia dominantearen inguruan jendartea trinkotzeko. Hala egin ahal izango lukete inongo zailtasunik gabe PPko buruzagiek Madrilgo M11ren kudeaketan, herriak 191 hildako eta 2.050 zauritu jarri ostean. Baina erabateko itsutasunak euren historiako hanka-sartze handienera eta hauteskundeak galtzera eraman zituen. Alta, porrot entzutetsu hark ez zuen, inondik ere, Estatu espainiarraren norabide aldaketarik ekarri herritarron askatasuna urratzeko garaian: euskal preso politikoekiko mendekuzko kartzela-politikan sakontzeaz gain, besteak beste, 2015eko Parisko atentatuen osteko jihadismoaren aurkako itun espainiarra eta, ustez, herritarron segurtasuna bermatzeko omen zen Corcuera Legea ordezkatu duen Mozal Legea, edota, zergatik ez, 2008ko krisi-iruzurraren osteko Espainiako Konstituzioaren erreforma.

Bartzelonan gertatutakoa ez da nolanahikoa izan eta horrek shock doktrinarako aukera paregabea eskaini dio botereguneari. Eta, beste behin ere, Madrilgo boteregunea ez da inola ere Kataluniako jendartea irakurtzeko gai izan. Hain baldar, narras eta itsuak izango ez balira, haziren bat erein eta fruituak jaso ahal izango lituzkete, Generalitateak, Bartzelonako Udalak edota baita mossoek ere egin bezala.

Haatik, Katalunian ere shock egoera baliatuta adostasunaren eta batasunaren doktrina ezartzekotan egon da, zirrikiturik onartzen ez duen horietakoa. Eta modu nabarmenean arrisku hori urratu duena CUP izan da. Ez dira bakarrak izan, noski ezetz! Bartzelona zein Katalunia irakurtzeko gai izan direnak baizik. Zantzuak hor zeuden: ez du inolako zerikusirik izan komunikabide espainiarren tratamenduak, adibidez, TV3 kate publikoak erakutsitako seriotasunarekin; ez dute zerikusirik izan Estatuko iritzi-artikuluek, oro har, Kataluniakoekin; ez du inolako zerikusirik izan Bartzelonako jendarteak immigrazioarekiko duen sentiberatasunak espainiar politikariek azaldu ohi dutenarekin...

Zantzu horiek guztiek, beste behin ere, soka tenkatzera eraman dute CUP. Eta horixe da politikan egin beharrekoa: iraultza edo erreforma dikotomia hertsian taktikoki erreforma hautatuz gero, iraultzara eramango gaituen tentsioz betetako bideari eustea. Herriak hildakoak jarri ditu eta herriak hildakoak agurtu nahi ditu. Haiek euren botereari eutsi nahi diote eta herriak badaki hori: Ovidi Montllor handiak dioen bezala, vostra raó es va desfent, la nostra és força creixent. Les molles volen al vent!