GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Atzar hadi!


Uda honetako «sugea» baino «dragoia» izaten ari den turismoaren gaian, aspektu bati apenas egin zaio so edo ez behar adinako arretaz. Donostian zentratuz, askotan parekatu da sortzen ari den egoera Estatuko edo Europako beste hirietakoekin eta, aldiz, gutxi erreparatu zaio gure herrian bertan, Ipar Euskal Herrian, daukagunari. Urteak daramagu turismoaren ondorioen erretolika entzuten. Gu geu ere gustura joaten gara hain «exotiko eta polita» egiten zaigun gure herriaren alde horretara, gehienetan ondorio horiek bertakoen bizimoduan duten eraginaz ohartu ere egin gabe. Lapurdiko kostaldeko etxebizitzen prezioak izugarriak direla, Donibane Lohizunen, esaterako, ia etxeen erdiak bigarren etxebizitza direla eta kasik urte osoan itxiak egoten direla eta antzekoak entzuten dira noizbehinka. Gutxiago, ordea, espekulazio basatiaren erruz, beren herri eta auzoetatik alde egitera behartuak diren bertakoen egoeraz edota, udako sasoilariak zer baldintzatan ari diren lanean eta bizitzen (askotan kanpin xixtrin batean binaka). Sindikatuek urteak daramate haien egoera salatzen.

Zeresanik ez urte osoko egoiliarrek «hartu» dituzten herrietan. Biarritz da paradigma. Populazio horren ezaugarri eta premietara egokitu dira zerbitzu asko (osasun, kultur, urbanismo, etxe…) eta urteekin herri zaharkitua bilakatu da. Eta landa-lurretan duen eragina ezin ahaztu. Kostaldean apenas geratzen da etxalderik eta barnealdeko laborariak nekazaritzarako lurren xahuketa berrien mehatxupean bizi dira. Hizkuntza eta kultura mailan, iparraldeko gure herrikide askok aspaldi aurre egiten dioten folklorizazioaren eta egiazko folklorearen arteko desberdintasunaz jabetuko ginateke zertxobait gehiago so egin bagenio. Jakina, 1960ko hamarkada amaieran hainbat politikarik (Bernard Marie, Mixel Inchauspe, Guy Petit…) indar biziz sustatuko turistifikazioak ez ditu soilik ondorio txarrak ekarri. Baina eraldaketa itzel hori, oro har, Herri gisa mesederako izan den edo Errobik aspaldi abesten zuen Perttoliri gertatu bezala, «hola segituz, luza gabe ez zauku deus geldituko» arriskua ere ez ote dagoen neurtu beharko genuke. Hortaz, «atzar hadi!»