GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Non dago Garibaldi?


Duela 150 urte, xuxen-xuxen, Europako geopolitikaren oinarrietako bat irauliko zuen prozesua –oso onuragarria hein batean, ez horrenbeste beste alor batzuetan–, ari zen burutzen.

1866ko gerra, Prusiaren eta Austriaren artekoa, laburra bezain erabakigarria, amaitu berria zen; eta hurrengoa, 1870ean Frantziaren eta Prusiaren artean sutuko zena, islatzen zen jada. Arazoak aspalditik zetozen, eta luzaro iraungo zuten, oso zoritxarrez. Baina bigarren mailako eszenategia zen Italiar Penintsulan bestelako zerbait ere ari zen gertatzen.

Garibaldik behingoz Erroma hartzeko une egokia izan zitekeela uste zuen... Mentanan ikusi zuen zein ustela zen ustea, frantziarrek eta Aita Santuaren zuaboek bere boluntarioak birrindu eta bera ere zauritu eta preso hartu zutenean. Aspromonteko porrotaren errepikapena zen. 1870eko irailean Porta Piako Bretxan burutuko zen, ordea, prozesua.

Italiaren Bateratzea deitu ohi da usu, helburu/ondorio lokalaren arabera. Baina agian «Aita Santuaren botere tenporalaren amaiera» deitu behar litzaioke, albo ondoriotzat jo ohi den hori askoz garrantzitsuagoa izan delako mundu mailan.

Iruzur batean oinarrituta, 1.100 urtez Europako politikagintza, gehien-gehienetan txarrerako, baldintzatu zuen botere politikoa (handia), diplomatikoa (ikaragarria) eta militarra (kaskarra) erauzi eta ahalmen ideologiko hutsean utzi zuena. Eta Garibaldiren bizitza osoko obsesio politikoa izan zena.

Gutxitan kidetu ohi da egungo Saudi Arabia garai bateko Aita Santuen Lurraldearekin, antzekotasunak nabarmenak diren arren. Aldeak ere ez dira makalak, zinez: erlijio katolikoan eta islamean Lurralde Santuek ez dute balio bertsua eta Erroma, berez, ez zen eta ez da horietakoa; Meka eta Medina bai ordea...

Handiena, hala ere, beste hori da, agian: Arabian ez dela, oraingoz, Garibaldirik agertu. Eta haren aliatu funtsezkoak izan zirenek, kontra-kontrako papera jokatzen dutela orain: Saud-tarren bizkartzainak dira.