GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Temer: gauza onik ez Amazoniarentzat


Renca izeneko eremuak 47.000 kilometro koadro ditu, Danimarka bera baino handiagoa. Amazonian dago. Sekulako bioaniztasuna duenez, diktaduraren garaian onartu zen babestu beharreko lekua zela eta mapatan lekurik aberatsenak zeintzuk ziren ere zehaztu zuten militarrek.

Baina basoak gehien suntsitzen dituztenen sailkapenean urrezko domina lortu nahi duen Michel Temer egungo presidenteak bere lagunen negozioentzat kaltegarria zela erabaki zuen, eta indargabetu egin zituen joan den astean eremua babesteko agintzen duten arauak: atea zabal-zabalik munduko oihanik garrantzitsuena meatzaritza konpainia handiek kudea dezaten.

Erabakia pertsona eta elkarte askok salatu dute, Brasilen bertan zein kanpoan. Eta Temerren jarrera lehenago ere salatu izan da nazioartean. Norvegiak, esaterako, presidenteari berari Oslon joan den ekainean aurpegiratu zion «agronegozioari» (nekazaritza konpainia handiek egiten dutena) mesede gehiegi egiten ari zela eta deforestazioaren aurkako borrokarako Europako herrialdeak Latinoamerikakoari ematen dion laguntza murriztu egingo zuela. Gisele Bundchen Brasilgo top odel ospetsua bezalako pertsonek ere adierazi dute aurkako jarrera, eta elkarte bateko apaiz katolikoek Temer agronegozioak bahituta daukala salatu dute. Eragindako erreakzioa ikusita, bere egitasmoaren letra txikia zertxobait aldatu zuen atzo agintariak, baina Amazoniako bioaniztasunari eutsi nahi diotenek eta aparai, wayana eta wajapi etnietako kideek badakite Brasiliako agintari ustelarekin gauza onik ez dutela.