2017 IRA. 11 KIROL ESKALADA Adam Ondrak munduko lehen 9c kateatu berri du 24 urteko eskalatzaile txekiarrak berriro historia idatzi du. Iragan 4an, Flatanger-en (Norvegia), «Project Hard» bidea kateatzeko gai izan zen. Marra hori 45 metro luze da, eta blokeko hiru giltza ditu: 8c, 8b eta 7c+. Korapiloak askatzeko 40-45 egun behar izan ditu. Andoni ARABAOLAZA «‘Project Hard’ dagoeneko ez da proiektu bat». Mezu labur eta argi horrekin Adam Ondrak hedabideei adierazi zigun Flatanger-en (Norvegia) zuen xedeari amaiera eman ziola. Beste era batera esanda, 24 urteko eskalatzaile txekiarrak munduko lehen 9c aurkeztu digu. Bagenekien denbora kontua zela, oso gertu zegoela eta gaur egun hori egiteko gaitasuna duen eskalatzaile bakarra Ondra dela. Eta egin du. Inor ez du ezustean harrapatu. Berriro ere historia idatzi du. Eta ez da lehenbiziko aldia, eta, ziur gaude, ez dela azkena izango. Txekiarrak kirol eskaladari eskaini dion azken pasarte handia iragan astelehenean gauzatu zen. Nahiz eta urrezko lerro hauetara ohituta dagoen, Ondrak berak, bidetik jaitsi bezain laster, adierazi zuen “Project Hard”-ekin egoera berezia bizi izan duela: «Kateatze egunean, goizean, beste xede batzuetan bizitzen dudana sentitu nuen; egun normal horietakoa zen. Bero egiten zuen, baina giroa argia eta lehorra zen. Presio gutxi sentitzen ari nintzen, eta erabat kontzentratuta nengoen: osagai horiek munduko lehen 9c egiteko giltza dira. Soka bileratik pasatu nuenean, inoizko sentsazio bitxienak bizi izan nituen. Eskuarki, xede bat bukatzen dudanean, han goian, egundoko garrasia egiten dut. Oraingoan ezin izan nuen garrasi egin. Sokatik zintzilik nengoen, eta malko batzuk isuri nituen. Zoriontasun handia, lasaitasuna, zirrara... dena nahastu zen. Nire bizitzako hilabete asko 20 minutuan laburbildu ziren. Helburu horretan denbora eta esfortzu asko egin dut, eta amaiera oso laburra bezain intentsoa izan da. Norvegian pasatu dudan minutu bakoitzak zein entrenamenduetan egin dudan mugimendu bakoitzak merezi izan du. Nahiz eta xede horretan denbora asko pasa dudan, niretzat bide hau ez da inoiz amesgaizto bat izan. Prozesu atsegin eta dibertigarria izan da; are gehiago hura amaitzea. Zalantzarik gabe, nire ibilbidean lortu dudan arrakasta handiena izan da. Egin ditudan marra guztietatik hau da gehien baloratzen dudana; izan ere, inoiz egin dudan ahalegin handiena izan da. Ikaragarria izan da; eskarmentu bitxi zein intentsoa». Era berean, bitxi eta intentsoak izan omen ziren iragan astelehenean Flatanger-eko koban bizi izan ziren 20 minutu horiek; hots, Ondrak bere xedea kateatzeko behar izan zituen minutuak. Hori azpimarratu nahi izan dute koba horretan zeuden lagun bakanek: «Inork ez zuen espero hain azkar izatea. Egun horretako bigarren saioan izan zen. Oso jende gutxi elkartu ginen. Eta den-denok onartzen dugu Adamek eskalatu zituen 20 minutu horietan isiltasun ozena bizi izan genuela. Eta interesgarriena gure kideak bidea amaitu zuen unea izan zen: ez zen ezer pasatu! Denok nahastuta geunden, gora begiratu genuen; shock egoeran geunden. Une oso zirraragarria izan zen. Muskuluei erreparatzen badiegu, Adam ez da munduko eskalatzaile indartsuena, baina bere estiloa ikaragarri bikaina da. Oso zehatza eta zorrotza da. Harritzen gaitu bere helburuetan duen erabakitasunak eta haietan hainbeste denbora pasatzeko duen gaitasunak». Hiru giltza Inolako zalantzarik gabe, lerrootako protagonistak Flatanger-ekin hartu-eman berezia du. Izan ere, duela bost urte koba horretan “Change” bidearekin munduko lehen 9b+ aurkeztu zuen. Eskalada eremu horrekin erabat harrapatuta dagoela argi dago, urte berean “Project Hard” ekipatu zuelako. Hori egin bezain laster, probatzen hasi zen: «Lurretik aztertuta, ez zen oso argi ikusten; 9b, 9c, 10a edo ezinezkoa izan zitekeen. Saio gutxi batzuk egin nituen, eta iruditu zitzaidan oso-oso gogorra zela. Duela bost urte, gogo gehiagorekin proba nezakeen; ez dakit. Kateatze batean mugimendu guztiak lotu behar dituzu; hori kontu oso ezberdina da». Ondrak onartu du “Project Hard” benetan probatzen azken bi udak pasatu izan dituela; guztira, 40-45 eguneko saioak izan dira: «Bi bidaia izan dira, eta uste dut lehenengoan aukera handiak izan nituela helburua borobiltzeko. Baina gaixotu egin nintzen. Bigarren bisita honetan askoz ere sasoikoago nengoen. Lehenbizikoa amaitu bezain laster, aukera izan nuen atseden hartzeko. Ondoren, hiruzpalau aste hartu nituen Patxi Usobiagarekin era egokian entrenatzeko. Erresistentzia albo batera utzi eta indarra landu nuen. Inoiz baino indartsuago sentitzen nintzen. Ohartu nintzen xede honetan erresistentziak ez zuela inolako eraginik; izan ere, bide oso berezia da. Atseden hartzeko belaunekin egiten diren blokeo batzuk (kneebar) derrigorrez egin behar dira. Horietako batzuk, saguzarrak bezala, buruz behera egiten dira besoak erabat askatu ahal izateko. Fitness itxurako bide bat da. Kateatu ahal izateko, oso sasoiko behar duzu egon; bloke gogor ugari eta jarraian gainditu behar dira, atseden hartzeko geldialdi labur batzuekin. Hori guztia da zehazki behar dena. Marra honek ez dizu derrigorrez 40 mugimendu jarraian egitea eskatzen. 15 mugimendu egiten dituzu, eta, ondoren, atseden labur bat». Beraz, gazte txekiarrak aurreratzen duenez, “Project Hard”-en izaerak ez du erresistentziarik eskatzen, blokeko sekzioetan oso indartsu egotea baizik: «Hiru giltza ditu; hirurak blokeko tarteak dira. Hasteko 8c, gero 8b eta amaitzeko 7c+. Gainera, jarraian datoz. Eta horren guztiaren aurretik 8b graduko 20 metro egin behar dira. Hiru bloke horien artean kneebar-ak egin behar dira, eta aitortu behar dut horiek egin ezean bide hori askatzea ezinezkoa izango dela. Nire belaunak asko landu behar izan ditut, eta azken bidaia honetarako nire fisioterapeutak ‘astindu’ ederrak eman zizkidan. Adibidez, bigarren giltzari (8b gradukoan) ekin aurretik kneebar bat dago. 3-5 minutu atseden hartzen pasatu nuen. Fisikoki ez nengoen nekatuta, eta une horretan jabetu nintzen aukera handiak nituela katera erori gabe heltzeko. Bigarren zein hirugarren giltzei beldur nien, baina dena ondo atera zen. Hiru giltzak gainditu ondoren, bidearen zailtasunak bukatzen dira. Alabaina, 6c graduko bost mugimendu aurretik nituen; errazak dira, baina aldez aurretik ez nuen ospakizunik egin nahi». «Project Hard» kateatu aurretik, Ondrak jakin bazekien marra horrek 9c inguruko zailtasuna izango zuela; muturreko graduan duen eskarmentuak hala adierazten zion: «Ez daukat zalantzarik: munduko lehen 9c da. Zergatik diodan hori? Bada, orain arte egin ditudan 9b+ gradukoak baino askoz ere zailagoa delako. Batek batek agian galdetzen dit 9b+ gogorra izan ote daitekeen. Agian, bai. Baina zintzoa izango naiz: argi eta garbi daukat 9c dela. Bidearen osagai guztiek hala adierazten didate. Bide bitxia da; saio bakoitza bakarra da. Atzamarrak artesietan sartzen dituzunean, beti ez dira berdin geratzen. Eta gauza bera belaunekin gertatzen da. Gorputzaren posizioak mugimendu klabe guztietan eragin zuzena du. Oso zehatza behar duzu izan. Momentu bakar batean den-dena perfektua behar da izan. Zalantzarik gabe, bide psikotiko bat da». HIRU GILTZA Ondrak askatu duen bere azken xedea 45 metro luze da, eta blokeko hiru giltza ditu: 8c, 8b eta 7c+. Horren guztiaren aurretik 8b zailtasuneko 20 metro eskalatu behar dira. MARRA BITXIA Txekiarrak onartu du «Project Hard» igo ahal izateko, bi uda eta 40-45 saio behar izan dituela. Atseden hartzeko belaunekin egiten diren blokeo edo «kneebar» batzuk ezinbestekoak dira. ADAM ONDRA Iragan 4an, 24 urteko eskalatzaile txekiarra gai izan zen Flatanger-en dagoen «Project Hard» bidea kateatzeko. Munduko lehen 9c bezala aurkeztu du.