GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Mateo Colomak nagusitasun handiz irabazi du Arabako Txapelketa


Mateo Colomak irabazi zuen Arabako harri-jasotzaileen txapelketa, eta erabateko nagusitasunarekin lortu zuen txapela, gainera.

Hiru harri-jasotzaile lehiatu ziren eta bakoitzak 100 kiloko zilindro kopa eta pisu bereko bola erabili behar izan zituen. Kirolariek harri bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten. Coloma jaun eta jabe izan zen bi harriekin. Aurrenekoari 28 jasoaldi eman zizkion, eta bigarrenari, 21. Guztira, 49 jasoaldi lortu zituen Arabako txapeldun berriak.

Borroka bigarren posturako egon zen, eta hor Iker Zubizarretak hartu zion aurrea Julen Diazi, eta bolarekin erabaki zuen, gainera, izan zuten borroka hori. Koparekin, bi harri-jasotzaileek jasoaldi kopuru bera lortu zuten, denera 22. Dema bolarekin erabaki behar izan zen eta horri Zubizarretak 19 jasoaldi eman zizkion, eta Diazek 16. Bi harrien jasoaldiak kontuan hartuta, Zubizarretak 41 jasoaldi lortu zituen eta Diazek, berriz, 38.

Perez de Heredia

Asteburu bikaina izan da hau Kerman Perez de Herediarentzat. Zazpi Herrialdeetako Txapelketan irabazi egin zuen txingetan, sekulako marka eginez, eta Arabako txapela ere beretzat izan zen. Esku bakoitzean 50 kiloko txingak hartu eta 34 plaza egin zituen, berriro ere agerian utziz nolako maila duen, nahiz eta bezperan ere lan handia egin zuen Saran.

Orga-jokoko Arabako txapela, berriz, Oscar Saez del Castillok irabazi zuen, eta oso marka ona egin zuen, gainera. Guztira 3 itzuli eta 2,15 metroko marka egin zuen. Horrekin, etxera eraman zuen txapela berriro ere.