2017 IRA. 16 Aizkora Iritsi da benetako ordua Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa jokatuko da gaur Abadiñoko probalekuan, 18.00etan. Jon LEUNDA Herri kiroletan urteko zitarik garrantzitsuena izaten da Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien txapelketa, eta gaur 18.00etan Abadiñoko probalekuan jokatuko da kanporaketa. Aurreneko seiek lortuko dute finalean sartzea, eta azkenekoak, berriz, datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du. Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi, Jon Irazu, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Jon Rekondo, Iker Vicente eta Juanjo Lopez izango dira lehian arituko diren aizkolariak. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu, finalean izango duten lanaren erdia izango dute kanporaketan. Ikaragarrizko ikusmina piztu duen kanporaketa da, emozioa handia ikusten baita denen artean ere. Honelakoetan, gainera, kinielak egin behar izaten dira, zein sartu eta zein ez, baina ez da hori bakarrik, bakarren batek ere maila galduko baitu. Normalean bi izaten dira maila galtzen dutenak, baina aurten bakarra izango da, hamaika baitira lehian arituko direnak. Hamabigarrena Olasagasti da, baina oraindik osatu ez denez, ezingo du aritu, eta ondorioz gaurko azken sailkatuak bakarrik galduko du maila. Kiniela guztietan agertzen dira izen batzuk, eta horietako bat Aitzol Atutxa da. Bizkaitarra da egungo txapelduna, eta inork ez du berarekin dudarik egiten, eta denek garbi daukate finalean izango dela. Larrañagaren edo Vicenteren izenak ere hor agertzen dira, edo baita Otaegirenak eta Azurmendirenak ere, nahiz eta gehiago ere badiren. Berriak ere badira, lehen aldiz arituko baitira Eneko Otaño eta Julen Alberdi. Beizamakoak eta Azkoitikoak iaz lortu zuten maila nagusira igotzea, eta aurten lehenengo aldiz Lehen Mailan aritu ahal izango dute. Aurreneko urtea izan da onenekin, lehenengo helburua mailari eustea izango da. Aizkolarien artean ez dago ikaragarrizko alderik, eta lana ere ez da ikaragarria, eta ondorioz detaile txikiek ere zeresana izango dute. Urduritasunek edo adar txar batek gauza asko alda ditzakete, eta hori aizkolariek ere badakite, eta kanporaketa txanda ezberdinetan jokatuko denez, erlojuak sekulako garrantzia izango du, hura izango baita benetako erreferentzia. FINALAGaur kanporaketa jokatuko duten hamaika aizkolarietatik, aurreneko seiek lortuko dituzte urriaren 15ean Donostian jokatuko den finalerako txartelak, eta azken sailkatuak maila galduko du.