2017 IRA. 23 IKUSMIRA Srebrenica eta Rakhine Ainara Lertxundi Kazetaria Errepresiotik ihesean, jada 400.000tik gora rohingya iritsi dira Bangladeshera. Ihes egin duten horiek izurriteei, oinazeari, biolentziak ariman utzitako zauriei, balizko deportazioari… aurre egin behar diete behin-behineko kanpalekuetan, montzoiak eragindako euripean. Aitortzarik eta eskubiderik gabe, etorkizun latza dute, Myanmarreko Indar Armatuek ateak itxi dizkiete. «Rohingyarik ez dagoen zonaldea», dioten kartelak irakur daitezke Rakhine estatuko hainbat herritan. Camil Durakovic 2012 eta 2016 artean Srebrenicako alkate izan zen. Al Jazeera telebista kateko web orrialdean lehenengo pertsonan idatzitako hausnarketan, berak Srebrenican pairatu zuen genozidioa eta rohingyena alderatu egiten ditu. Garbiketa etnikotik ihesean, 1995ean milaka eta milaka pertsonak 110 kilometroko ibilbidea egin zuten oinez, Srebrenicatik Nezuk herrira, tiratzaileen eta granada hotsen artean. Durakovic «Heriotzaren martxa» horretan izan zen. 2004an, 700 lagunek kontrako bidea egin zuten, Nezuk-etik Srebrenicara, ihesaldi horretan pairatutako sufrimendua lau haizetara zabalduz. Egun lazgarri horiek oso gogoan ditu Durakovicek. «Bizirik atera nintzen heinean, rohingyen kontrako genozidioa salatzera derrigortuta nago. Genozidio bat pairatu dugun guztiok ‘aski da, horrelakorik inoiz gehiago ez’ ozen oihukatu beharko genuke, zerbait egiteko ardura dugu». Myanmarren beste Srebrenica bat gertatzea ekiditeko, nazioarteko komunitatea Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunari begira ipini beharko litzateke, sarraskia areago joan ez dadin neurriak hartuz eta laguntza humanitarioa emanez.