GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Irudiak, jarrerak eta errealitatea


Zahartzaroa. Badira, gure eguneroko joan-etorrietan, errepikatzen diren irudi, gai eta keinuak. Ez dira berriak izaten gehienetan, gure egunerokotasunaren maparen parte dira baina ez ohi dugu horietan erreparatzen. Baina, bat-batean, antza arrazoirik gabe, leku guztietan ikusten duzu horren zantzurik.

Zahartzaroarekin gertatu zait niri azken asteotan. Pelikula dela, artikuluak direla, zahartzaro berrasmatu behar dela dioskute, bizitzaren garai honi buruzko hausnarketa egitea proposatzen digute. Jarrerak baldintzatzen dituzten estereotipoekin apurtzeko mezua zabaltzen duten lanak dira. Eta hauek nozitzerakoan, automatikoki irudi sorta arina burutik pasatzen zait: bizitzan nahiko aurreratuta dagoen jendearen aurrean bertan ez balira bezala hitz egiten denean; beraientzako produktuak eskaini baina azalpena ondokoari eman zaionean, gazteagoa denari; kutxetan egin beharreko tramiteetarako ere, azalpenak laguntzaileei eman, kontuetako titularra, bat-batean, ikusezina bilakatu balitz bezala; «produktu» gisa hartzen dituzten enpresen eskuetan uzten denean gure nagusien atentzioa... Egia da, gorputza nekatuta dago, burua ez da lehen bezain arina ala bai?, mina lagun dute, baina euren burua gobernatzeko ahaleginetan ari dira gehienetan. Badakit ez dagoela errealitate bakarra, zahartzaroak eta zahartzaroak daudela. Baina aipatu irudiak jarrerak baldintzatzen dituzten estereotipoekin apurtzera gonbita egiten duten erakunde batzuetan ikusi ditut. Beraz, marketina ez ote den galdetzen diot neure buruari. Huts egiteak poztuko ninduke!