2017 URR. 05 Nobedadeekin eta Igartua bekaren edizio berriarekin hasi du 15. urteurrena Idazle Eskolak Hamabost urteko ibilbidea eginda, modulu berriak abiarazi eta metodologia-moldea hedatzea du helburu Idazle Eskolak. Karmele Igartua Sorkuntza Bekaren VII. edizioa ere abian da. Amalur ARTOLA DONOSTIA Idazketan trebatu eta literaturaren inguruan biltzeko espazio gisa sortu zen, orain hamabost urte, Idazle Eskola. Ordutik, idazlegai zein idazleen topagune izan da eta bertatik pasatu dira, irakasle zein gonbidatu gisa, Tessa Andonegi, Iñaki Bastarrika, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Lander Garro, Juan Kruz Igerabide, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Bernardo Atxaga, Andu Lertxundi eta beste hainbat, tartean egun irakasle dabilen Pako Aristi: «Idazle Eskolan aritzea proposatu zidatenean, ‘Poeta hilen kluba’ bezalako zerbait irudikatu nuen, eta halako zerbait sentitu nuen han sortzen den giroarekin. Ikasteko gogoa eta pasioa ikusten dira, idatziz zerbait adieraztekoa, bizipenak, sentipenak... formulatzeko gogoa», azaldu zuen atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan aurtengo ikasturtearen berri emateko egin zuten aurkezpenean. Bertan ziren ere Asmozeko zuzendari Igor Arrizabalaga, Idazle Eskolako zuzendari Tere Irastortza, Itziar Gomez irakaslea eta Aretxabaletako Udaleko kultur zinegotzi Joxemi Uribarren. Gomez eta Irastortzak eman zuten hamabosgarren urteurrenak Idazle Eskolara ekarriko dituen nobedadeen berri. Irastortzak nabarmendu zuen ikasketa erdipresentzialak badira ere ikasleek gustura eskaintzen dizkiotela larunbat goizak bildu eta idazketan trebatzeari eta, hala, larunbatero bi orduko tutoretzak atondu dituzte kurtso honetarako. Idazle Eskolak bere metodologia hedatzeko asmoa ere badu, eta hartara irakaskuntza eta administraziora bideratutako modulu bereziak eskainiko dituela ere iragarri zuten. Ikasturte osorako matrikula egiteko epea urriaren 16ra arte dago zabalik, baina moduluetarako edota ikasgai solteetarako izena emateko aukera egongo da beranduago ere. Eskaintza osoaren gaineko informazioa: www.idazten.com eta ieskola.asmoz.org helbideetan. Aurkezpenean Karmele Igartua Sorkuntza Bekaren VII. edizioa ere aurkeztu zuten. Aurten, film laburretarako gidoiak izango ditu oinarri eta lan sarituak 2.500 euro jasoko ditu. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 15era artekoa da.