2017 URR. 11 Erremontea Etxekoak eta izarrak nahasi ditu Azpeitiko Torneoak Ostiralean hasiko da lehiaketa, eta finala azaroaren 3an jokatuko dute. GARA Azpeitiko 18. Erremonte Txapelketa ostiralean hasiko da, Izarraitz pilotalekuan, sei bikoteren parte hartzearekin. Atzo egindako aurkezpen ekitaldian jakinarazi zutenez, A multzoan Matxin III.a-Etxeberria III.a, Etxeberria IV.a-Endika eta Urriza-Larrañaga bikoteak neurtuko dira, eta B multzoan Uterga-Agirrezabala, Segurola-Barrenetxea IV.a eta Ezkurra II.a-Ion bikoak. Ohiturari jarraituz, helburua Azpeitia inguruko erremontistak eta koadroko pilotari onenak torneo berean elkartzea da, erremonteak afizio handia duen bailara izaki. Ligaxka formatua erabiliko da eta multzo bakoitzeko bikote onenak finalerako txartela eskuratuko du. Bigarren sailkatuek, aldiz, hirugarren posturako lehia jokatu ahal izango dute. Neurketa guztiak ostiral arratsaldeetan jokatuko dira. Ligaxkako hiru jardunaldiak urriaren 13an, 20an eta 27an helduko dira, eta finala, azaroaren 3an, ETB4 telebista kateak aurretiaz grabatuta emango duena. Jaialdi guztiak 18.30ean hasiko dira. Aurkezpen ekitaldian, Oriamendi2010 enpresak eskerrak eman nahi izan zizkion Azpeitiko Udalari erremontearen alde egiten duen esfortzuagatik, eta bereziki torneo hau antolatzeko laguntzagatik. Material aukeraketak Eskuari dagokionez, atzo Lau eta Erdiko Txapelketarako bi material aukeraketa egin zituzten. Goizean, Iruñean, Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola elkartu ziren, bihar Labriten jokatuko duten partidarako pilotak hautatzeko. Final-laurdenetako ligaxkari hasiera emango dion neurketa izango da, eta txapelketako bi pilotari beteranoenak jardungo dira nor baino nor, garaipen gehien dituztenak. Arratsaldean, Altsasuko Burunda pilotalekuan, Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola izan ziren ostiralerako pilotak aukeratu zituztenak. «Garrantzitsua da ligaxka ongi hastea. Artola oso indartsua da fisikoki eta norgehiagoka oso gogorra izango dela uste dut. Erritmo bizia ipintzen saiatuko da ni deseroso egon nadin. Ahalik eta zentratuen irteten saiatuko naiz, nire jokoa egin ahal izateko», aztertu zuen Joseba Ezkurdiak Asperen webgunean jasotako adierazpenetan.