GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zaldi aldaketa uharrean


Lincolnen esaeratzat hartu ohi da, berak beste norbaiten, baserritar herbeheretar baten, ahotan ipini omen zuen arren: «Ez da komeni uharraren erdian zaldiak aldatzen hastea». Gorabehera ziztrin samar bat erabakitzeko erabili zen agidanez esaldia duela mende eta erdi pasatxo, baina geroztik aburu politiko nagusien artean geratu da. Batez ere, haren oso parekoa litzatekeen Loiolakoaren «En tiempo de desolación nunca hacer mudanza» ezagutzen (edo gogoko) ez dutenentzat.

Kontua da aburua atzekoz aurrera ipini eta uharretan zaldi-aldaketak egiteko eroaldi moduko bat sutu dela ematen duela azkenaldian. Batek utzitako zaldiak besteak hartzerainokoa.

Inork ezingo du ukatu munduko uharrik gaiztoena izaten jarraitzen duela Ekialde Ertainak. Siria eta Irakeko gerraren fase bat amaitzear da, baina islatzen hasi da jada hurrengoa Kurdistan inguruan, Yemenekoa gogortzen ari denean eta Persiar golkoa epizentro bilakatzen. Eta «betiko» gatazkak samurtu ez direnean.

Bada uhar horretan, beti(ra)koak ziruditen aliantza eta etsaigoak aldatzen ez ezik iraultzen ari dira azkarki. Beharrak bultzatuta, noski; baina nahas-mahasean, taktika estrategiaren gainetik dela.

Turkiaren jauzia izan zen lehen aldaketa handia. Baina Saudi Arabiak Qatarri emandako haginkada ez da makalagoa izan Golkoko harremanetarako. Azken urratsa, joan den astean ikusi ahal izan genuen Salman erregeak Moskura egin zuen bisitaldian: S-400 sistemak erostea izango zen lehen helburua, baina ez da bereziki azkarra izan behar Saudi Arabiak Putini aliantza aldaketa orokorragoa proposatu nahi liokeela jabetzeko. Iran osatzen ari den aliantza-sistema isolatzeko, jakina.

Bada uhar horren erdian egin nahi du Trumpek oraindik aldaketa potoloagoa, Iranekiko Itun Nuklearra pikutara bidaliz. Hark frogatu berri dionean Ipar Korearekiko ententea ez dela asmakeria.

Zaldiak zaldi, norbaitek zalgurdirik gabe geratu behar du aldaketa horietan.