GARA Euskal Herriko egunkaria

«OBABAKOAK» AGERTOKI GAINERA, DIZIPLINA EZBERDINEK BAT EGINDA

Atxagaren lana oinarri hartuta Calixto Bieitoren eskutik Arriaga antzokiak eginiko ekoizpena estreinatuko dute bihar. Joseba Apaolaza Esteban Werfellen paperean dela, lantalde handi batekin antzerkia eta beste diziplinak gozatzen hasteko igoko da oihala.


Taula gainean Esteban Werfell, aldamenean bizikleta bat duela. Joseba Apaolazak jokatzen du paper garrantzitsu hori. Eta aldamenean ditu beste hamar aktore bizikleta banarekin. Lantalde handia aukeratu du Arriaga antzokiak “Obabakoak” antzezteko. «Bi casting egin behar izan genituen hautatuak izateko; eta hortik sortu da lantaldea, nik herenak edo ez nituen ezagutzen, inoiz aritu gabekoak ginen elkarrekin lanean» esanez abiatu dugu elkarrizketa Joseba Apaolaza aktorearekin. «Eskertzen da tarteka horrelako obra handiak taularatzeko aukera izatea», zintzotu da. Izan ere, Calixto Bieitok zuzentzen du orain artistikoki Arriagaren jarduna, eta lan honekin erronka handia jarri dio bere buruari: Atxagaren “Obabakoak” eta mundu imajinarioak taula gainera ekartzea. 1988an argitaratutako narrazio bilduma da “Obabakoak”, dagoeneko munduko 25 hizkuntzatan eman dena eta aurretik zinema pantailetan ere ikusi ahal izan duguna. Orain euskaraz eszenaratuko da Arriaga antzokian.

Joseba Apaolaza aktorearentzat sorpresa izan da Calixto Bieitorekin lan egitea. «Lantaldean ari garenok ez genuen bera ezagutzen, baina berak gu ere ez», aitortzen hasi da. «Bere estiloa berezia da, baina oso lan giro ona sortzen duen zuzendaria da, eta badaki nola kudeatu entseguen prozesua», Apaolazaren iritzian. «Berak landu nahi duen estilo horretara gerturatu nahian ari gara, badu estilo bat, bereziak diren gauza asko baditu, nondik hartzen dituen gauzak, nola egiten dituen gauza ugari», jarraitu du Apaolazak lan hau prestatzeko izan duten esperientzia kontatzen. Beraren ustez, Calixto «eskenaren logikak eskatzen duenaren kontra aritzen da askotan», baina hala ere emaitzak aho zabalik utziko du bat baino gehiago. Entseguetan ari zirela, aktoreak konturatzen ziren gauza asko modu abstraktuan geratuko zirela, baina zuzendariaren lan egiteko moduak txundituta utzi zituen. Calixto Bieitok sortutako lan giroa nabarmendu digu Apaolaza aktoreak.

Joseba Apaolazak paper garrantzitsua dauka “Obabakoak” honetan, eta berarentzat «urteen poderioz euskal literaturaren eta literatura unibertsalaren ikur bilakatu den obra batean aritzea garrantzitsua izango da». Liburuko pasarteak aukeratu eta bere horretan eskainiko dituzte antzezlanean. Hautaketa Calixto zuzendariak egin du eta horretan Bernardo Atxagaren laguntza ere izan du. Atxagak berak, datozen egunetan Arriaga antzokian bertan solasaldia eskainiko du antzezlan bakoitzaren emanaldiaren aurretik. Hautatu diren testu guztiak, baina, ez dira “Obabakoak” liburukoak, Apaolazak adierazi digunez, «badaude ‘Bi anai’ liburutik hartutako errelato zatiak ere».

Eta Esteban Werfell pertsonaiak kontalari papera hartuko du, berak gidatuko ditu pasarte guztiak, haria eramango du kontakizun batetik bestera, paper nagusia jokatuz. «Istorio guztien asmatzailea» izango da Esteban Werfell, Apaolazak berak azaldu digunez, «eta amaieran pertsonaiak erotuta bukatuko du, istorio guztietan azken hitza asmatu nahi horretan». Obsesio horretan burua galduko du Esteban pertsonaiak. Bilboko Arriaga antzokian lan hau aurkeztu aurretik, gogotsu aritu da lantaldea Otxarkoagako Harrobian lanean. Arte eszenikoetarako prestatutako tailerrean Calixto Bieitoren zuzendaritzapean landu dute obra. Zuzendariak «lana modu oso totalean prestatzen» duela aitortu du Apaolazak. «Gu orain ari gara jabetzen zer daukagun esku artean; antzezteaz aparte dantza dagoelako, musika eta abestiak, ikus-entzunezkoak pantaila batzuetan», zehaztu du aktoreak, «aldez aurretik grabatu ditugun gauzak azalduko dira, GoPro kamera batzuk ere gertu izango ditugu, mikrofonoak zintzilikatuta ageri dira, zinema ere neurri batean egingo dugu, diziplina ezberdinak lantzen dira obra honetan, eta hori Calixto Bieitoren lan egiteko moduari zor diogu». Oso modu grafikoan adierazi du Apaolazak: «Ikuskizun totala egingo dugu, diziplina ezberdinak batuaz».

Entusiasmoarekin bizi du lantaldeak obra berriaren sorkuntza prozesua, «oso bitxia suertatuko den zerbait izango da, lan potoloa egin dugu», aitortu du Apaolazak berak. Eta azken asteak dena egokitzen eta sinkronizatzen lana hartu dutela azpimarratzen du. Emaitza taula gainean.

“Obabakoak” antzezlana Bilbon euskaraz aurkeztu eta zenbait emanaldi egin ostean Bartzelonako Teatro Lliure aretora joatekoak dira urrian bertan. Katalunian ere euskaraz eskainiko dute lana, eta azpitituluak katalanez agertuko dira errotuluetan. Alemaniara egingo du jauzi gero, eta han ere euskaraz plazaratuko dute. Handik bueltan hasiko dira gaztelaniazko bertsioa lantzen, azaroa bukaeran plazaratuko dutena.

Hizkuntzen kudeaketa

Calixto Bieito zuzendaria munduan zehar aritzen da lanean. Hizkuntza eta esparru ezberdinetan du esperientzia. Eta orain ere ez zaio arrotza egin ezagutzen ez duen hizkuntza batean obra bat aurkeztea. Apaolazak kontatu digunez, «berak izan du erronka zailena; urteak daramatza hemendik kanpo lan egiten, eta ezezagunak zaizkion hizkuntzetan lan egin izan du, bera ohituta dago erabat horrelako lan moduetara. Berak gaztelaniazko erreferentziak dauzka ‘Obabakoak’ lanean, baina ez du hitzez hitz jarraitzen, bere intuizioari jarraituz zuzentzen du lana, ez horrenbeste testua eta hitzei segika». Apaolazari berari bitxia egin zaio hilabete hauetako egoera, «urte asko daramatzat bi bertsioak taularatzen, eta normalean egiten dena da zuzendariak hobekien egiten duen hizkuntzan eraikitzen da espektakulua, eta gero tarte bat ematen zaio bigarren hizkuntzari ekiteko». Lan honetan hasieratik ekin diote euskarazko bertsioari eta «hori oso ondo dago, gure kulturarentzat inportantea da eta estreinaldia ere euskaraz izango da, eta gero gerokoak» esanez agurtu dugu Joseba Apaolaza aktorea.