GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Gatikak hartuko du goma gaineko denboraldiko aurreneko saioa


Euskal Herriko Lauko Txapelketa gaur jarriko da abian Gatikako pilotalekuan, bertan 17.00etatik aurrera jokatuko baita goma gaineko denboraldiko aurreneko jardunaldia. Lehen saio honetan mutilak lehiatuko arituko dira lanean, 320 kiloko mailan.

Hasierako ekinaldi honetan, Ñapurrak, Ibarra A, Ibarra B, Txantrea, 6 Conceyos, Baigorri eta Getxo arituko dira lehian. Bi jardunaldiko ligaxka izango da, eta sei onenek finala jokatuko dute Anoetan azaroaren 18an. Aurretik, azaroaren 11n, Arnegin, Nafarroa Beherean, jokatuko da bigarren ekinaldia, ligaxka honetako azkena, alegia.

Aurtengo lehiaketak bi maila izango ditu mutiletan, eta bakarra nesketan. Aipaturiko maila honetaz gain, mutiletan 320 kilokoa ere izango da, eta bertan izango dira talderik gehienak. Neskak, berriz 250 kiloko mailan arituko dira. Aurtengoan, gainera, sekula baino talde gehiago izango dira. Guztira 11 talde lehiatuko dira eta hori, dudarik gabe, berri oso ona da. Gero, Zortziko Txapelketa hasten denean ikusi beharko da denek jarraitzen duten.

Berriozar

Berriozarren jokatuko da gaur, 17.00etan, Nafarroako Txapelketako bigaren jardunaldia. Kasu honetan azkena izango da 640 kiloko mailan eta 375 kilokoan. 640 kilokoan mutilak ari dira lehiatzen, eta talde bakoitza zortzi tiralariz dago osatuta. Bertan, Berriozar, Beti Gazte eta Antsoain lehiatuko dira. Beti Gazte izan zen lehen jardunaldiko onena.

Neskak 375 kiloko mailan lehiatuko dira, eta Berriozar, Beti Gazte, Txantrea eta Antsoain izango dira jardungo dutenak. Txantrea da txapela lortzeko faboritoa. Taldeak sei lagunekoak dira.