2017 AZA. 04 Harri-jasotzea Gisasolak eta Urrutiak emango diote Gabonetako Torneoari hasiera Zamudion J.L. Harri-jasotzaileen Gabonetako Kopa ere gaur bertan jarriko da abian Zamudion. Urrezko Aizkorako Koparekin batera jokatuko da, izan ere, antolatzailea bera da: Egur Sport. Lehiaketa hau ere indarra hartzen ari da, eta harri-jasotzaile gazte askok izango dute aukera ederra euren maila erakusteko. Gaur Zamudion Jon Gisasola eta Josetxo Urrutia lehiatuko dira. Gaztetasuna eta eskarmentua izango dira aurrez aurre. Alde batetik, Urrutia nafarra, urte asko daramatzana kirol honetan, eta, bestetik, bizkaitar gaztea. Hala ere, Gisasolak badauka nork erakutsia, Zelai handiaren semea baita. Izan dezakeen maisurik onena dauka etxean. Kirolari bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili beharko ditu, denak 100 kilokoak, eta bakoitzarekin aritzeko bina minutuko txandak izango dituzte. Irabazten duenak hurrengo kanporaketa jokatu ahal izango du, eta, galtzen duenak, lehiaketa utzi beharko du. Nafarroako aizkolarien finala Oraindik txapelketa ofizial batzuk geratzen dira jokatzeko, eta horien artean dago Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien finala. Ikusmin handia izaten du lehiaketa honek, izan ere, askorentzat Euskal Herriko Txapelketaren ostean Gipuzkoakoa eta hau izaten dira erakargarrienak aizkora zaleentzat. Azaroaren 17an jokatuko dute, Donezteben, bertako feriaren barruan, eta han lehiatuko dira Iker Vicente, Jon Rekondo, Mieltxo Mindegia, Ruben Saralegi eta Joxean Etxeberria. Txapela irabazteko faboritoa Iker Vicente da. Kanporaketako onena ere bera izan zen, eta zale guztien ustez bera da txapela lortzeko faborito nagusia. Finaleko eguna iristeko bi aste falta dira, baina ikusmina handia da jada. Final gaztea izango da, bostetik hiru oso gazteak baitira. Iker Vicente izango da gazteena, baina Ruben Saralegi eta Joxean Etxeberria ere adinez oso gazteak dira, eta etorkizunari begira berri oso ona da hori.