GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
MARTIN BIDAUR
IDAZLEA

«Liburuak balio izan dit nire baitatik askatzeko; ez ihes egiteko, baizik gauzak beste modu batera ikusten hasteko»

Martin Bidaurrek bere baitatik egin du “Itzulera” (Susa) urrats berrietara. Oroitzapenen gela ilunetan haztatutako memoria makurretik, esperantzaren argiaren orbanetara. Atzekoz aurrera edo behetik gora, norabide askotarikoan urratutako bide lautadarik gabea.


Martin Bidaurren (genealogia batetik jaioa, ez dakit noiz) lehenengo lana da “Itzulera”, hastapen batean formarik gabe eraikitako poema sorta jarraikorra, gerora eguneroko baten moduan moldatutako bilduma kohesionatua. Itzulera bat baino gehiagoko jira etengabea, Parisen galdutakoen berreskuraketa, hitz molde jario ustiatu gabeen lurzoru berrian.

Jakin nahi nuke nondik datorren Martin Bidaur. Izena eta izana.

Hori da lehenengo galdera?

Bai.

Ondo. Egia esan ez neukan asmorik galdera horri erantzuteko, jende guztiak galdetzen zidalako zer erantzungo ote nuen. Baina ez dauka misterio handirik. Erabaki aurretik izen baten bila nenbilela, aritu nintzen aitonak egina zeukan gure familiaren genealogia begiratzen, XVI. mendetik gaurdaino, eta paperen artean bilatzen aurkitu nuen Bidaur abizena. Hortik gertu Martin izeneko bat. Beti nabil izen-abizenen bila gauzetarako... gustatu zitzaidan eta erabaki nuen izen hori hartzea.

Hori izan zen “Lekore”-rekin hasi aurretik. Behin aldizkariarekin hasi ginenean...

...izen horrekin sinatu izan duzu beti.

Hori da.

Ezizen batekin idazteak segurtasuna ematen dizu?

Jendeak Peru Iparragirre bezala ezagutzen nau eta publikoki gauza batzuk egin izan ditut. Baina ez nuen nahi produkzio literarioa horrekin lotzerik. Nolabait banatu nahi nuen. Azkenean idazlearen figura pisatzen duen gauza bat da.

Pertsona eta idazlea.

Bai. Saiatu nahi dut behintzat. Ez da erreala, baina bada nolabaiteko babes txiki bat.

Bertigoa sentitu duzu lehenengo liburua argitaratzerakoan?

Bertigoa... bai. Uste dut gezurretan ariko nintzatekeela ezetz esango banu. Baina momentu bat iristen da liburua argitaratu egingo dela. Beti daude zalantzak, norbaiti ez bazaio gustatzen... baina amaieran desiratzen nengoen argitaratzeko. «Mesedez, ez dut itxaron nahi gehiago!».

21 urteko idazle ezizenduna, eta poeta. «Rara avis» bat sentitzen zara?

[Barreak] Azken hilabeteotan ez naiz ari poesia batere irakurtzen, baina ohitura badaukat berez eta gustatzen zait poesia irakurtzea eta idaztea ere. Lanak pilatzen joan naiz eta...

Gaur egun ez da ohikoa 21 urteko gazte batek poesia liburu bat argitaratzea.

Bai, baina beti daude topikoak. Idazle erromantikoak edo 13 urterekin lehendabiziko nobela argitaratzen duena. Arraroa izan daiteke? Salbuespena? Niri idaztea gustatzen zitzaidan, literatura gustatzen zitzaidan, poesia idaztea erraz ateratzen zitzaidan eta balio zidan nire gauzak ateratzeko. Literaturara iritsi nintzen poesiaren bidetik, bai behintzat idazterako orduan. Aldiz, fikzioa kostatzen zitzaidan gehiago. Orain gainditu dudan gauza bat da, eta, beraz, pozik nago alde horretatik.

Literatura babes eremu izan da zuretzat?

Babes eremu baino... agian iheserako bide.

Badakit nahiago duzula idazlea eta pertsona bereiztea, baina Peru Iparragirrez galdetu behar dizut.

[Barreak] Ados.

«Itzulera» irakurrita etengabean datorkit zure bizitza pertsonala burura.

Argi dago, bai. Liburu oso pertsonala da. Eguneroko bat idatzi ordez poesia idatzi dut. Gero, noski, bizitza pertsonala hor dago, baina fikzioa ere bai. Ez da erabat fidela errealitatearekiko. Zentzu faktiko batean. Gauzak ez dira gertatu kontatzen ditudan bezala.

Noiz hasi zinen idazten?

Arantxa Iturbek galdera berbera egin zidan [Euskadi Irratian]. DBH 4. mailan izan zela uste dut. Irakasleak bost poema idazteko agindu zigun. Hori ez zen oso serioa, noski, klaseko lan baterako zen eta ez dakit zer atera zen! Baina hortik gutxira etxean nengoela idazten hasi nintzen.

Liburu hau denbora epe laburrean idatzitakoa da.

Poemok beranduago hasi nintzen idazten. Paristik bueltan baneukan jada bilduma bat. Aurkeztu nahi nuen lehiaketa batera, Irun Hiria Sarira uste dut. Leire Palaciosi bidali nion bere garaian eta baiezkoa eman zidan, aurkezteko. Eta noski, ez ninduten saritu. Baina jarraitu zuen insistitzen, ea Susakoei bidaliko ote nien, eta nik bitartean jarraitzen nuen liburua moldatzen.

«Itzulera» joan-etorri askoko lana da.

Ez dakit zer esan...

Espazioan mugitzen da, baina barne munduan ere baditu jira batzuk.

“Joan-etorriak” izenburua izango balu ere ondo legoke. Ez da bakarrik momentua kontatzen. Ez da kontakizun estatiko bat. Mugimendu asko dago.

Diziplinatua zara idazten?

Inola ere ez.

Ez daukazu errutinarik?

Nahi nuke, baina ez. Eta liburu honekin amaieran bai, zuzenketekin ari ginenean, poema guztiak gelako paretan jarri eta banan-banan aldatzen eta zuzentzen aritu nintzen. Une horretan bai egon zen jarraikortasun bat. Baina eguneroko bizitzan ez.

«Itzulera»-ri eguneroko baten forma eman diozu. Ez dakit izan den ideiak ordenatzearren edo berezko kronologia bati jarraitzeko.

Asmo nagusia zen poema liburu bat idaztea eta ez poema bilduma bat. Liburuari nahi nion eman hasiera bat, bukaera bat eta kohesioa emango zion zerbait. Nik nituen poema guzti-guztiak pertsonalak ziren, edo garai konkretu bati lotutakoak. Orduan eman niezaiokeen forma bakarra zen kronologikoki ordenatuta egitea, eguneroko baten moduan. Liburuak balio izan dit nire bizitza bera ordenatzeko.

Momentu batean diozu: «Itxaronaldia, munduan egoteko modurik errazena ez egotea delako». Sumatzen da zure baitatik ihes egiteko gogoa izan duzula.

Ideia errekurrentea da liburuko lehenengo lau ataletan. Gauza asko nahasten dira. Gehienbat munduaren aurrean nola jokatu ez dakizunean. Iristen da momentu bat badirudiela zu zaudela munduaren kontra eta hor batzuetan ihes egiteko modu bakarra da esatea, «ni ez nago, mundua bakarrik geratzen da».

Zer da Paris zuretzat?

Uste dut galdera hau prestatzen hasi beharko naizela zeren askotan galdetu didate eta beti desberdin erantzuten dut. Zer den Paris? Gauza asko nik uste. Bada ihesbide bat. Paris ez dago hemen, beraz, da urrun dagoen leku bat, bertaraino joan egin behar zarena, eta izan jendea, izan hizkuntza, erabat apurtzen duena honekin zentzu batean. Hemengo bizitzatik aparte dagoen zerbait da.

Hara joatea erabaki zenuen.

Bai, hara joatea erabaki nuen, ikastera. Gero galdetzen diozu zure buruari, eta joan ez bazina, zer? Baina ezin erantzunik eman horri.

Poema laburrak izanagatik, ez daude sakontasun eta gogortasunetik urrun.

Aurrekoan lagun batek esan zidan ezin zituela egunean bi poema baino gehiago irakurri. Liburu hau irakur daiteke hiru ordutan asko jota. Nik poemak ezagutzen ditut eta ez didate inolako inpresio berririk sortzen, baina agian jendeari kosta egiten zaio sartzen. Gogorrak direla esaten duzu... Bai. Poema motzak izateak abantaila ere izan dezake; sufrimendua azkar bukatzen da.

Inoiz sentitu duzu bizitzaren perspektiba desberdina daukazula besteekiko?

Hori denok sentitu dugu inoiz. Nik uste arraroagoa dela pentsatzea ondokoarekiko berdin-berdin bizi garela. Uste dut normalena dela pentsatzea bakoitzak ikusten duela mundua era batera eta askotan txokantea egiten zaigu besteek mundua nola ikusten duten ezagutzea.

Bizitza normatibotik at sentitu zara inoiz?

Bai, noski. Baina bizitza normatiboan ere asko egon naiz. Ez naiz bazterrekoa sentitzen zentzu horretan.

Orain mundu publikora salto egin duzu. Pentsatzen duzu gurasoen itzala atzetik izango duzula?

Ez dakit. Ez dut gauza horietan gehiegi pentsatzen. Gainera ez da mundu publikoan bakarrik. Jendearekin harremantzen naizenean, pixka bat ezagutzen nautenek, uste dut itzal hori ikusten dutela. Eta, orain, mundu publikora saltatzean, agian ere bai. Nik ez dut aurresuposatzen pertsona horrek badakienik nortzuk diren nire gurasoak. Zentzu horretan ez naiz beldurrez joaten. Eta baldin badaki, zerbait aldatzen da? Badago itzal hori, baina ez nau definitzen.

Zama izan daiteke?

Besteek ezartzen didatena.

Liburua nahiko iluna da gehientsuenean baina amaieran zirrikitu txiki bat zabaltzen diozu esperantzari.

Ez da oso agerikoa, baina bai [barreak]. Liburuarekin gertatzen zaidana da, idatzi dudala eta argitaratu dela, baina ni momentu pertsonal oso bestelako batean nago. Ikusi nahi dut liburuaren azken atalean atea zabaltzen zaiola esperantzari ni momentu horretan nagoelako. Liburua iluna da, drama asko dago, baina badago hori gainditzeko nahi bat amaieran.

Onarpen bat?

Bai. Hori da esateko modu bat.

Hustu egin zara «Itzulera» idazten?

Hustu, zentzu batean bai. Liberatu nau gauza askotan. Eta liburu hau idazteak libreago egin nau, batez ere argitaratzeak. Pertsonalki azken urte hauetan jarraitu dut prozesu terapeutiko bat psikoterapeuta batekin egin dudana, eta prozesu hori eta liburu hau idaztearena uste dut biak joan direla nahiko pareko eta balio izan didala asko askatzeko nire baitatik. Ez ihes egiteko, baizik gauzak beste modu batera ikusteko.

Susako bizitza aspalditik ezagutzen duzu, baina, hala ere, argitaratzeko langa gainditzea beti da zaila.

Nik Gorka [Arrese] ezagutzen nuen. Eskola eta amonaren etxearen arteko bidean dago Susa eta askotan agurtzen geratzen nintzen eta hor harreman bat egin genuen. Argazkiak egiteko ere eskatu zidaten. Eta bidali nionean liburua, nire asmoa zen jakitea ea poema horiek balio zuten, argitaragarriak ote ziren edo ez. Esan zidanean liburua argitaratuko genuela ez nuen espero.

Termometro baten bila ari zinen.

Bai. Jakin nahi nuen ea merezi zuen horrekin lanean jarraitzeak edo “zaborretara” bota nezakeen.

Eta ezetz esango balizute?

Galdera ona da. Ez dakit zer egingo nukeen. Beste gauza batera jarriko nintzateke. Poema horiek ordutik hona asko aldatu dira. Ez dakit zer gertatuko litzatekeen.