2017 AZA. 04 Aizkora Otañok eta Rekondok Kopan jarraitu nahi dute Beizamarrak eta leitzarrak Zamudion neurtuko dituzte gaur indarrak 17.00etatik aurrera. Jon LEUNDA Atseden baten ostean, badatoz berriro ere Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketak, eta gaur 17.00etan Zamudioko kultur etxean neurtuko dira Eneko Otaño eta Jon Rekondo. Beizamarrarentzat bigarren kanporaketa izango da, aurrekoan Luix Txapartegi utzi baitzuen bazterrean. Oraingoan, gainera, handietako bat izango du parean. Rekondo, berriz, Urrezko Aizkorako Txapeldunen finala jokatu berritan dator, eta han bigarren postua eskuratu zuen, Iker Vicenteren atzetik eta Aitzol Atutxaren aurretik. Euskal Herriko Lehen Mailan daude biak, eta biak izan ziren kanporaketan, baina bietako inork ez zuen lortu finala jokatzeko txartelik. Dena dela, gaurko lana ezberdina izango da, izan ere, bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Txapelketa ofizialen ostean, ikusi beharko da biak nola dauden, eta horren arabera izan daiteke amaierako denbora ere. Biak ongi badaude, kanporaketa ederra izan daiteke, eta bietako edozeinek irabazi dezake. Jadanik egina dago zozketa, eta aizkolariek badakite pasatuz gero zeinen aurka jokatu beharko luketen. Gaurko irabazleak, Mikel Larrañaga izango du arrean, eta kanporaketa hori irabazten duenak finalerdietan Iker Vicente izango luke zain. Beste multzoetako kanporaketak ere zehaztuta daude. Horrela, A multzoan, Otaegi eta Irazu lehiatuko dira final zortzirenetan. Irabazten duenak Mieltxo Mindegiaren aurka aritu beharko du. Finalerdietan, berriz, Atutxa dago zain. B multzoan, berriz, Ruben Saralegi eta Alberdi arituko dira aurrez aurre final zortzirenetan, eta irabazten duenak Mugertza II.aren aurka aritu beharko du. Finalerdietan, berriz, Azurmendi dago zain. Finala hiru aizkolariren artean jokatuko da Urtezahar egunean. LANAAizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta garaipena lortzen duen aizkolaria Mikel Larrañagaren aurka ariko da hurrengo kanporaketan.