GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Oreka perfektua?


Bi urtez indarrean eduki ostean, Estatu frantsesean larrialdi-egoera bertan behera utzi du Emmanuel Macron presidenteak duela egun batzuk. Gezur potolo hori taularatzeko, gainera, ez du nolanahiko gidoia eta eszenatokia aukeratu: Estrasburgoko Giza Eskubideen Gortea alajaina!

Izan ere, larrialdi-egoera ofizialki deuseztatu zuen ia une berean, jada hamaika alditan gogortu duten lege antiterroristari artikulu berriak erantsi zizkion, de facto salbuespen neurri inportanteenak legeria «arruntean» bilduz. Giza eskubideen alde diharduten eragileek askatasunen murrizketa berria aurpegiratu diete, beste behin ere, agintariei.

Beharbada salaketa horiek zertxobait baretzeko eta neurri horien premia irentsarazteko erabili du trikimailu mediatiko bezain hipokrita hori. Batere gorritu gabe aldarrikatu du, Europako Kontseiluaren eta Giza Eskubideen Gortearen aitzinean, Frantziak giza eskubideen bermearen eta terrorismoaren aurkako borrokaren arteko oreka perfektua mantentzen duela.

Halere, bere espetxeetako egoeragatik eta bizi-baldintza lotsagarriengatik (%139ko gainpopulazioa eta 1.300 koltxoi zolu gordinaren gainean, besteren artean) auzitegi horrek behin baino gehiagotan kondenatu izan duela saihestu ezinik, presidenteak agerraldia profitatu du politika berriak, tartean espetxearen alternatiba izango liratekeen neurriak, plantan eman behar direla iragartzeko.

Sinesgarritasun gutxiko hitzak, Espetxeen Nazioarteko Behatokiak (OIP) eta esparru horretan aritzen diren beste 26 elkarteentzat. Izan ere, Asanblea Nazionalean oraintxe bozkatzen ari diren 2018ko aurrekontuetan ez da deus bideratu horretara, Justizia alorrerako %3,9ko gorakada izan bada ere. Bai, ordea, espetxeetan beste 15.000 pertsonarentzat lekua sortzeko.

Egun gogor hori bukatzeko Macronek bisitaldi berezia egin zuen Estrasburgoko Operara. Bertan Bizeten “Carmen” entseatzen ari ziren abeslariekin hasi zen bera ere kantatzen toreatzailearen papera hartuta! Babotzat hartzen gaituenak gizatasun eta goxotasun puntua baduela frogatu nahiko zuen nonbait…