2017 AZA. 11 IKUSMIRA Gure biologiari dagokion adina gaindituta Xole Aramendi Kazetaria Baliteke gure biologiari dagokion adina gainditu egin izana». Halaxe irakurri diot Juan Luis Arsuaga antropologoari. Espezie bakoitzak bere bizitza iraupena dauka, berme epea. «Ez da gauza bera arratoia izan ala elefantea», argitu du Atapuercako zuzendariak. «Behin epe hori gaindituta, gertatzen den guztia problematikoa da. Garrantzitsua da gure espeziearen zahartzaro biologikoa zenbatekoa den hausnartzea. Nire ustez 70 urte inguruan dago. Horixe izan zen Altamirako garaian lortu zen gehieneko adina. Gure genetika adin horretarako prestatuta dago eta hortik aurrera artifiziala da hein handi batean eta ondorioz, gure arbasoengan ikusi ez ziren gaixotasunak ikusten dira». 70 urte... guretzat gutxitxo!! Bizitzaren bukaera ahalik eta urrunen, bizi esperantzaren langa ahalik eta gorenen jarri nahi!!! Baina ze preziotan? Prest al gaude ondorioei aurre egiteko? Ezezkoan nago. Are okerragoa dena, luzaroago bizitzeak dakartzan onurak ere ez ditugu baliatzen. Gure aurrekoek eta haien aurrekoek ikasi zuten lezioa bidean ahaztu dugu. Historiaurrean adinekoak, bereziki emakumeak, taldeko jakintsu bihurtzen ziren. Lider. Baina gurean? Justu alderantzizko bidea hartu dugu, haien esperientzia eta jakinduriari zukua atera ordez bide bazterrean uzten ditugu. Baina Julia Martinez ez dago amore emateko. Valentziako Jarapuel-en bizi da. Zortzi urterekin eskola utzi behar izan zuen zerbitzatzera joateko eta orain, 100 urterekin, berriz jo du eskolako atea. Inoiz ez da berandu. Jakin-minez bustita ditu begiak eta horrek ez du preziorik.