2017 AZA. 13 Aizkora Luix Txapartegik jantzi du Hirugarren Mailako txapela Aizarnakoarekin batera, Resano, Kortxero eta Pellejero ere Euskal Herriko Bigarren Mailara igo dira. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta Luix Txapartegik irabazi zuen atzo Aldatzen jokatu zen Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketa. Aizarnako aizkolariarekin batera, Iban Resano, Eloy Kortxero eta Asier Pellejero izan ziren Bigarren Mailara igo ziren aizkolariak. Aurten inoiz baino sari potoloagoak zeuden, izan ere, lau izan ziren Bigarren Mailan aritzeari uko egin zioten aizkolariak, eta ondorioz haien lekua betetzeko lauk lortzen zuten atzokoan Bigarren Mailara igotzea. Atzoko finalean, aizkolari bakoitzak bi 60 ontzako eta hiru kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Agian atzoko ezustea Jokin Alkizalete izan zen. Askoren ustez bera zen Luix Txapartegiren aurkari nagusia, Resanorekin batera, baina Asteasukoak ez zuen lortu Bigarren Mailara igotzea, bosgarren postuan amaitu baitzuen atzokoa. Atzo jokatu zen norgehiagokak bi lehia izan zituela esan behar da. Alde batetik, txapelaren lehia izan zen Txapartegiren eta Resanoren artean, eta bestea hirugarren eta laugarren posturako, denetan ere segundo gutxiko tartea izan baitzen. Lehen eta Bigarren Mailako finalak dotoreak izan ziren, eta Hirugarren Mailakoa ere ez zen gutxiago izan. Txapartegik bere agintea erakutsi nahi izan zuen, baina Resanok ongi eutsi zion, nahiz eta Aizarnakoak azkenerako ihes egin zuen, eta amaieran bien artean 22 segundoko tartea egon zen. Behin lehen bi postuak erabakita, hirugarrena eta laugarrena jakin behar zen, horiek ere mailaz igotzea lortzen baitzuten, eta gauzak estuago izaterik ez zegoen. Izan ere, hirugarrenaren eta laugarrenaren artean ehuneneko gutxi batzuk izan ziren, eta Alkizalete, bosgarrena, hirugarrengotik 15 segundora bakarrik sailkatu zen, eta azkenekoa, Telletxea, hirugarrenarengandik 36 segundora. Emozio handiagorik izatea ezinezkoa zen. Lan guztiak burutzeko, Txapartegik 13 minutu eta 18 segundo behar izan zituen. Atzetik, Resano (13.40), Kortxero (16.40), Pellejero (16.40), Alkizalete (16.55) eta Telletxea (17.16) sailkatu ziren. Aurtengo aizkolarien Euskal Herriko txapelketak amaitzeko beste bi final faltako dira. Emakumezkoen finala eta mutilen gazte mailakoa geratuko dira aurtengo lehiaketei amaiera emateko.