2017 AZA. 14 Aizkora Saralegik Alberdi menderatu eta aurrera egin du Kopan Nafarra lehen enborretik izan zen aurretik, minutu eta erdiko aldea ateraz. Jon LEUNDA Ruben Saralegik mendean hartu zuen Julen Alberdi eta aurrera egin du Urrezko Aizkorako Kopan, final-laurdenak jokatzeko txartela lortuz. Errazkingo aizkolari gazteak minutu eta erdiko aldea lortu zuen. Zortzi kana-erdiko eta lau 45 ontzako erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak. Saralegi lehen enborretik azkenekora izan zen nagusi, nahiz eta saioan zehar ez zuen alde handirik lortu. Lehen enborra zazpi segundo aurretik bota zuen, eta apurka-apurka abantailari eusten hasieran eta ondoren handitzen joan zen nafarra. Lan erdiak izaten dira erreferentzia nagusia, eta hor Ruben Saralegik 22 segundoko aldea ateratzen zion Julen Alberdiri. Zuloa ez zen handia, eta beste sei kana-erdiko geratzen ziren ebakitzeko. Baina azkoitiarrak ezin izan zuen aurka zuen alde hori irauli, eta Errazkingoak, berriz, handitu egin zuen abantaila. Lan guztiak burutzeko, 26 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Ruben Saralegik, eta 27 minutu eta 51 segundo, berriz, Julen Alberdik. Harri-jasotzea Harri-jasotzaileen Gabonetako Kopan Goikoetxek aurrera egin du Mateo mendean hartu ostean. Harri-jasotzaile bakoitzak, 100 kiloko zilindro zaharra, pisu bereko kubikoa eta bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituzten. Zilindroarekin hasi ziren lanean, baina hor ez zen alderik izan, bakoitzak 25 aldiz berdindu baitzuen bizkarrean aipaturiko harria. Ondoren iritsi zen kubikoaren txanda, eta hor alde handia lortu zuen Goikoetxek; izan ere, 15 jasoaldi eman zizkion, eta 11, berriz, Mateok. Bola geratzen zen dena amaitzeko, eta hor Goikoetxek alde zuen alde hori handitu egin zuen, 19 jasoaldi eman baitzizkion bolari eta Mateok, berriz, 15 jasoaldi. Denera, 59 jasoaldi lortu zituen Goikoetxek, eta 51 jasoaldi, Mateok. Hurrengo jardunaldia datorren igandean izango da, eta aizkoran bi zizurkildar neurtuko dira; Jon Irazu eta Joseba Otaegi. Harri-jasotzeko Kopan Beñat Telleria eta Gorka Etxeberria izango dira aurrez aurre. Saioa Zizurkilen izango da, 12.00etan.