2017 AZA. 15 IKUSMIRA Hitzen koordenatuetan Amalur Artola Kazetaria Aitor Ruiz de Egino eskultore hernaniarrarekin haurren arte heziketaz berriketan, behinola lagun batek esandakoa etorri zait gogora. Sinetsita dago (edo orduko hartan hala zegoen) Anarik bere garunean, bere bizipen, kezka eta ametsetan arakatzen ibilita sortzen zituela abestiak. Kasik lotura mistiko bat balute bezala. Bestela, ezinezkoa egiten zitzaion berak eginahalak eginda ere hitzetan jarri ezin zituenak Anariren abestietan halako zehaztasunez nola aurki zitzakeen ulertzea. Ez dakit benetan sinesten zuen lotura mistikoarena edo ez, baina egia da maiz ez dela erraza sentitzen duguna hitzen koordenatuetara eramatea. Sentipen bulkada horiek deszifratu eta alfabetoa erabilita berriro zifratzea. Eta, zer esanik ez, partekatzea. Ados nago Aitorrekin. Haur eta gazteen heziketan, bigarren mailan daude artearekin lotutako jarduerak. Arte jarduera gisa ulertuta haurrari ulertu/azaldu ezin duen hori kanporatzeko baliabideak ematen dizkion espresiobide gisa. Futbolean aritzea –are gehiago futbolean ona izatea– beti egongo da margolanen bidez adieraztearen gainetik. Baina haurrak heldu bilakatzen dira. Eta Anariren abestietan bilatu behar izaten dute euren kabuz kudeatzeko gai ez diren sentipenak atzean gordetzen duena. Peru Magdalenari entzundakoarekin geratzen naiz: «Ni naiz uste dutenetakoa ez dela horrenbeste ‘ezagutu zeure burua’, baizik eta ‘asmatu zeure burua’». Uste dut arte adierazpenen bidez bietan eragin daitekeela: geure buruak ezkutatzen dizkigun misterioei estalkia kentzen batetik, etorkizunean izango garena eraikitzen bestetik. Garrantzia zeri eman da gakoa. Ez besterik.