2017 AZA. 19 GAURKOA Garapen endogenoa Joseba Garmendia EHUko irakaslea Krisiari erantzuna emateko nahiak tokiko garapen saioak ugaritu eta biziberritu ditu. Paradoxikoa dirudien arren, globalizazioaren testuinguruan lurralde, erregio eta tokiko eskalaren indartzea ikusten ari gara. Modu berean lozorroan zirudien garapen endogenoaren kontzeptua barra-barra zabaldu da, esanahirik gabeko mantra moduan sarri eta noizbait era arriskutsuan. Funtsezkoagoak diren politika ekonomikoaren esparruak (industria eta berrikuntza-politikak, lan-harremanak, aurrekontu eta zerga politikak, finantzak…) alboratzeko eta gutxiesteko arriskua baitago, komunitatearen parte-hartze soilean fede guztia ezarrita, tokiko eremuen aukerak magnifikatzen dituen formula magiko gisa irudikatzen bada. Azken sei hamarkadetako lurralde garapenerako politikak bi modalitate nagusitan multzokatu daitezke: Goitik beherako politikak eta behetik gorako esperientziak. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo berreraikuntzaren euforia desagertu eta gero, agerian geratu ziren estatuetako hainbat erregioren egiturazko ahuldadeak, gainbeheran zeuden industria-eremuetan batez ere. Gobernu zentralak ahuldade horiei aurre egiten hasi zitzaien, bai azpiegiturak eraikiz, bai suspertu nahi ziren lekuetara inbertsioa eta enpresak erakarriz diru-laguntzen bidez. Zerabilten logika sinplista zen oso: enpresen gabezia zen konpondu beharrekoa; hortaz, azpiegituren bitartez irismena hobetzea edota enpresa handiak txertatzea soluzioa litzateke eskualde atzeratuentzat, horien inguruan sare industrial hornitzailea jaio edo dinamizatuko zelakoan transferentzia teknologikoen eta harreman komertzialen bitartez. Top-down ikuspegiko politika hauek kasu askotan porrot egin zuten, garraio-azpiegiturek edota industria-zoru merkea eskaintzeak ez zuelako enpresarik erakarri; edo enpresa horiek behar zituzten osagai eta zerbitzuak beste leku batzuetatik erosten zituztenez ingurunean enpresa berrien sorrera katalizatu ez zutelako, «basamortuko katedralak» bilakatuz; edota behin diru-laguntzak amaituta galerak zituzten enpresak itxi zirelako edo atzera jatorrira deslokalizatu. Arrakastarik ezaren arrazoien artean, logika bera dago; hau da, produkzio-faktoreen mugikortasunari oztopoak kentze hutsarekin nahikoa dela ustea. Politika hauek aplikatu ziren eskualdeen ezaugarrietan ez zen erreparatu: prestakuntza maila ahulak, tokiko egitura ekonomikoen ahuldadea, ingurune sozial eta instituzional desegokiak… kasu. Are gehiago, baldintza oso ezberdinetan politika estandarizatuak birproduzitu egin ziren. Goitik beherako politika tradizional hauen porrotak eta globalizazioak ekarritako erronkek garapen lokal eta erregionalaren birplanteamendu osoa erakarri zuten. Ondorioz, 1980-1990eko hamarkada bitartean behetik gorako edo bottom-up politika berritzaileak sortu ziren. Aldaketa hau ez da bat-batean gertatu eta ez da teoria definitu batean oinarritzen. Hala ere, eredu berri hau hedatzen joan da, garapen estrategia berrien zimenduak ezarriz. Behetik gorako garapen estrategia lokal eta erregional hauek lau ezaugarri nabarmen partekatzen dituzte: parte-hartze eta elkarrizketa sozialaren beharra; lurraldean oinarrituta daude; tokiko baliabide eta lehiarako abantailen mobilizazioa eragin; eta lokalki sortuak eta zuzenduak dira. Hala ere, bigarren belaunaldiko praktika hauetan sarritan aurreko eskema berberak erreproduzitzen dira, azpiegituren eraikuntza zentroan ezarriz eta kanpotik enpresak erakartzeko neurrietara mugatuz. Errepideak hobetu, industria poligono bat eraiki edota gobernuari enpresak ekar ditzan eskatzera mugatu izan dira proposamenak nonahi. Azken finean proposamen horiek imajinario kolektiboan errotuak dauden garapenari buruzko eredu sinple eta mirarigileen isla baino ez baitira. Gainera, estrategia hauek erakargarriak dira bere sinpletasun, epe laburreko emaitza ikusgarri eta agintarientzako etekin mediatikoengatik. Hori dela eta, komenigarria da bottom-up motako tokiko estrategiak garapen endogenoarekin ez parekatzea. Zentzu honetan, argiago da ulertzea bottom-up ikuspegiaren multzoan estrategia mota ezberdinak daudela: klasikoagoak, baliabide exogenoetan oinarritutakoak, eta sistemikoagoak, indar endogenoen aktibazioan oinarritutakoak... Garapen endogenoaren paradigmak, lurralde bateko gaitasun, baliabide, indarrak eta garapen potentziala erabiliz, komunitateak gidatzen duen hazkunde ekonomiko eta egiturazko aldaketako prozesua marrazten du, tokiko populazioaren bizitza maila hobetzera eta ingurumenaren iraunkortasuna bermatzera bideratua dagoena. Garapen endogenoaren paradigmak, teoria sendo gisa hartzea ekiditen duten ahuldadeak izan arren, operatiboki oso erabilgarriak diren ezaugarriak eta elementuak erakusten ditu. Lehenik eta behin, garapena esanahiari buruz, hazkunde ekonomiko hutsarekin identifikatzen duten formulazioak gainditzen ditu eta giza garapenaren eta garapen iraunkorraren proposamenak barneratzen ditu ekonomia, gizarte eta ingurumen-helburuak harmonizatzera begira. Dimentsio anitzeko ikuspegi historiko eboluzionistatik abiatuta, epe luzerako begiradaz, ikuspegi funtzionalista gainditzen du, eta helburu esplizitu bezala, lurraldeko gizartearen ongizate ekonomiko, sozial eta kulturala hobetzea kokatzen du. Paradigma honen muin eragilea lurraldeko potentzialtasun eta faktore zein indar endogenoen mobilizazio eta aktibazioan datza. Hauxe da bere alderik bereizgarriena, baita zail bezain emankorrena ere. Faktore endogeno horien artean, historian zehar metaturiko kapital stock-a, langileen kualifikazioa, ekoizpen prozesuari loturiko ezagutza espezifikoak, enpresa-kultura, gizarte-egitura, komunitatearen eta eragileen parte-hartzea eta inplikazioa, ekintzailetasun ahalmena eta sormena… aurki ditzakegu. Luzera begirako politika publikoaren bitartez, indar eta potentzialtasun hauek sortu edo eguneratzea da estrategia mota hauen nukleo operatiboa. Hala ere, ohikoa den gaizki ulertzea alboratzea komeni da: endogenoak ez du autarkikoa esan nahi. Kanpoko baliabideen erabilera (inbertsioak, azpiegiturak, giza baliabideak, teknologia…) ez da baztertzen; aitzitik, Paco Alburquerquek dioen moduan, garapenerako kanpoko aukerak «endogeneizatu» egin behar dira, eskualdeak edo herriak diseinatu duen estrategiaren mesedetan horietaz baliatuz. Indar endogenoen aktibazioan berrikuntzak leku zentrala betetzen du eta berrikuntza teknologikoaz harago doa, dimentsio ez teknologikoak eta gizarte-berrikuntzak barneratuz. Bestalde, top-down politiken ikusmolde monosektorialen ordez, manufakturari osagarri zaizkion jarduera anitzak integratu eta konbinatzea bilatzen du, hala nola, lehen sektoreko jarduerak, turismoa, artisautza-industriak eta bestelako zerbitzuak. Interbentzio ildo nagusietako bat mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainen egiturazko arazo eta hazkunde-potentzialari arreta handiagoa jartzea da, baita enpresa-espiritu eta enpresa berrien sorkuntzan enfasi handiagoa ezartzea ere. Esperientzia hauek antolakuntza-arkitektura sendoa behar dute. Horrelako prozesu bateko lehen urratsetan zer egin baino, funtsezkoena nork eta nola egingo duen finkatzea da. Bestalde, barneko eta kanpoko baliabideen konbinaketa, lurraldeko erakundeen, eragileen eta komunitatearen kontrol esanguratsuaren pean egin ohi da. Horrek autogobernu ahalmena ezaugarri erabakigarria suposatzen du, baita gaitasun horiek hobetzea ahalbidetzen duten policy learning ikasketa prozesuek ere. Tokiko garapenaz adituak diren edo izango diren profesional talde dinamikoa gakoa da, baita legitimazio maila zabalak izatea gizartean. Paradigma honen ezaugarritzean azken ideia garrantzitsua. Kulturan, identitatean, tokiko eskarian eta egitura ekonomikoan lurraldeka dituen berezitasunak abantaila lehiakorren iturri gisa jotzen dira, eta gradu ezberdinean beste lurralde batzuentzat imitatzeko zailak. Zehatzago esanda, faktore estuki ekonomikoez harago, indar zein dinamika sozial eta politikoak eta baldintza instituzional eta kulturalak elementu garrantzitsuak dira garapenerako lurralde-estrategiak diseinatu, bultzatu eta legitimatzeko orduan. Gainera, gizartearen ongizatea hobetzeko egitasmoak eta eraldaketa nagusietarako humusa elikatzen dira: ekonomia soziala, subjektu kolektibo zein solidarioak, gizartearen ahalduntzea eta garapenaren kontzeptualizazio gizatiarragoa. Gainera, tokiko garapenaren bitartez, gizartearen ongizatea hobetzeko egitasmoak eta eraldaketa nagusietarako humusa elikatzen dira